Irratiaren lehentasunak finkatuko ditu bihar Justurik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mar. 15a, 23:56

Uribe Kostako Justuri irrati euskaldunak bihar, larunbatarekin, bere lehenengo Batzar Orokorra burutuko du. Irrati egitasmoak goizeko 11:45ean jarri du hitzordua, Algortako Aldai Patronatuan. Bertan bilduko diren bazkideek irratiaren egitasmoa bultzatzeko asmoz, honako gaiak izango dituzte hizpide: 2011 eta 2012 urteetako txostena eta balantze ekonomikoa, FM lehiaketaren inguruko azken albisteak, 2013 urterako egitasmoa eta aurrekontua, Korrika Uribe Kostatik igaroko den egunerako plangintza, eta elkartearen arduradunak berretsi edota berriak hautatu. Argazkian, Amaia Arriaga eleduna egitasmoaren inguruko azalpenak ematen 2011ko abenduaren 1ean egindako prentsaurrekoan.

Hamatzortzi hilabeteko ibilbidea

Uribe Kosta eta Erandioko euskalgintza eta kulturgintzaren hamalau elkartek indarrak batu zituzten 2011ko irailaren 22tik aurrera, Justuri (tximista, bertoko euskaraz) irrati euskalduna sortzeko. Irrati hori lortzeko, auzolanean murgildu eta bazkidetza kanpainari ekin zioten. Izan ere, "Uribe Kosta eta Erandioko elkarte kolektibo eta pertsona guztiek ateak irekita izango dituzte proiektuan parte hartzeko", Amaia Arriaga ekimeneko bozeramaileak iazko abenduaren 1ean proiektuaren aurkezpenean adierazi zuenez. Egitasmo berriari bere ondare guztia eman zion Koska irratiak.

Ekimeneko antolatzaileek zabaldu dutenez, irratia multimedia, parte-hartzailea, euskaldun eta tokikoa izango da, komunitateari zerbitzu publikoa eman eta Euskal Herriko beste irratiekin elkarlanean arituko dena. Oraingoz honako eragileek osatu dute talde sustatzailea: AEK, Aitxu! Sopelako euskara elkartea, Algortako Bertsolari Eskola, Berbalamiñe Leioako euskara elkartea, Betiko ikastola, Bizarra Lepoan Getxoko euskara elkartea, Erandion Euskaraz Berbots!, Jose Antonio Agirre euskaltegia, Koska irratia, "UK" aldizkaria, Ukberri.net, Plaza Beltza kulturgunea, eta Aztibegia eta Talaieta irratizaleon elkarteak.

Lehenengo erronka, lizentzia eskuratzea

Irrati egitasmoa abiatu eta bost hilabetera, 2012ko otsailaren 28an, Eusko Jaurlaritzak martxan jarri zuen FMko 34 irrati frekuentzia banatzeko lehiaketa. Frekuentzia guztietatik 11 proiektu euskaldunentzat gorde zituzten. Getxon, 4 lizentzia eskuratzeko aukera eman zuten, haietako bat euskaraz. Kontseiluak, EHUko komunikazio irakasleek eta irrati komunitarioek gogor kritikatu zituzten lehiaketaren oinarriak, Madrilgo hedabideen neurrira eginda, entzule euskaldunentzat berme nahikorik ez eta irrati komunitarioak baztertuta zeudelakoan. Gainera, Eusko Jaurlaritzak Uribe Kostako euskaldunei lau lizentzietatik bakarra gordetzea salatu zuen Justurik apirilaren 10ean, Arrosa Sareko beste irrati batzuekin batera.

Baina, kritikak kritika, hurrengo egunean, eskualdean diren ia 100.000 euskaldun aktibo zein pasiborentzat kalitatezko irratia sortzeko aukera ez galtzearren, gustuko ez zuen lehiaketan sartu zen Uribe Kosta eta Erandioko euskalgintzak sustatutako Justuri irrati egitasmoa, proiektua aurkeztuz.

Urriaren 9an, ordea, Eusko Jaurlaritzako Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzak zabaldu zuenez,
Justurik aurkeztutako proiektu komunitario, multimedia, euskaldun eta copyleft-i Getxorako FMko 101.1 irrati frekuentzia ematea proposatu zuen EAEko irrati lizentzien deialdia epaitu duen mahaiak. Getxon, Justuriz gain, Radio Estudio, Bi FM eta Radio Maria proposatu zituen mahaiak. Halere, horrek ez zuen esan nahi tokiko euskalgintzak jada dialean lekua lortua zuenik. Mahai-kideek, deialdiko oinarrietan aurreikusi bezala, hamabost egun eman zizkioten Justuriri hainbat agiri aurkezteko. Horiek artez eta moldez eman zituzten.

Urte luzeko lana, alferrik

Gauzak horrela, jarduneko Eusko Jaurlaritzak lehiaketa bertan behera utzi eta banatu gabe utzi zituen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 34 FM irrati lizentzia berriak, tartean Getxon Justuri irratiari urrian agindutakoa. Horrela jakinarazi zuen abenduaren 11n Idoia Mendia Gobernuko bozeramaileak, Patxi Lopezen gidaritzapeko azken Gobernu Kontseilua amaitu ostean. Eusko Jaurlaritzako Gobernu berriak aurrekoak hartutako erabakia berretsi eta aldizkari ofizialetan iragarri zuen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun