Orain lau hilabete, Erandioko Langabetuen Asanblada, Leioan Bagabiz, Itzubaltzeta / Romoko Greba Batzordea (egun, Duin Kolektiboa), Sopelako Plaza Beltza Kulturgunea, ELA eta LAB elkartu ziren, Erandio eta Itzubaltzeta arteko ibilaldia egiteko, Euskal Herria Martxan ekimenaren baitan. "Martxa egin eta berehala, ordea, egungo egoera larriaren aurrean, lan duinaren eta eskubide sozialen aldarrikapen iraunkorra egiteko beharra sumatu genuen", Enplegu duin, Eskubide Sozial eta Ondasunen banaketaren aldeko Uribe Kostako Koordinakundeak adierazi duenez. Gauzak horrela, azken hilabeteotan eragile berriak batu zaizkie: Berangoko Langabetuen Asanblada, Urdulizeko Langabetuen Asanblada (Iraupen Elkartea), STEE-EILAS sindikatua, Ernai, Bilgune Feminista eta Algortako Eztabaida Gune Antiautoritarioa. Gaineratu dutenez, ez da zerrenda itxia eta eskualdean gizarte eta lan eskubideen alde egiteko interesa daukan edozein kolektibok bat egin dezake, dagoeneko koordinakundeak dagoen eragileetako batekin kontaktuak jarrita.
"Komunikaziorako eta esperientzia trukerako espazioa ez ezik, borroka bateraturako sukaldea ere da koordinadora", azaldu dutenez. Azken asteetan, Uribe Kostako egoera sozialaren analisia egin eta bertako arazoei aurre egiteko dekalogoa osatu dute, baita berau jendarteratzeko eta aldarrikatzeko egutegia ere. Beraien hitzetan, "langabezia igoarazi eta jendartearen gehiengoa txirotzen duten bitartean, politika horiek banketxe eta enpresa handien etekinak eta pribilegioak handitu egiten dituzte. Izan ere, horixe baitute helburu nagusia".
Hiru olatu
Egoera latz horren aurrean, "aski dela oihukatu eta gure eskubideen aldeko marea eragin" nahi dute. Hiru "olatuk" osatuko dute beraien borroka: enplegu duina, babes soziala eta ondasunaren banaketa –lana ere ondasun gisa hartuta, jakina–. Osatu berri duten dekalogoak hiru ardatzok garatu egiten ditu.
Enplegu duinaren aldeko borrokan, besteak beste, lanaldia 35 ordura murriztea, erretiro-adina 60 urtera jaistea, aldi baterako lan enpresen ordez udal lan-poltsak bultzatzea, bizitze kalitatea hobetzeko zerbitzutan lanpostu publikoak sortzea eta emakumeen eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasuna aldarrikatzen ditu dekalogoak.
Ondasunaren banaketa dagokionez, fiskaltasun justu eta progresiboa (pertsona orok dituen ondasunen arabera eta era progresiboan zergak ordain ditzan, lanetik eratorritako ondasuna izan nahiz kapitaletik eratorria izan), iruzur fiskalaren aurkako neurriak (enpresarien iruzurraren aurka, paradisu fiskal eta ezkutuko ekonomiaren aurka)
eta soldata soziala (bizitza autonomo eta duina izateko, eskubide gisa) eskatzen dituzte.
Azkenik, babes sozial arloan, zerbitzu publikoak mantendu eta indartzea; diru-laguntza sozialak mantendu, garatu eta bermatzea (aurrekontu-sail itxi batera lotuta ez dagoena); eta emakumeen aurkako diskriminaziorik eza (ez arlo sozialean, ez lan-merkatuan , ez lan erreproduktiboan...), aldarrikatzen dituzte. Etxebizitzari buruz, besteak beste, etxebizitza hutsen errolda eskatzen dute, alokairu sozialera bideratzeko; baita instituzioek desjabetutako etxeak erosi eta desjabetutako familiei alokairu sozialean ematea ere.
"Amaiera aldean dekalogoak eskualdeko iruzurra eta ustelkeriaren amaiera eskatzen du eta, merkatal gune handien aurrean, bertoko denda txikiak defendatzen ditu. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldarrikapena egiten du azkenik", gehitu dutenez. Hartara, lehen aipatutako hiru "olatu" horiek hartzera gonbidatu dituzte "Uribe Kostako biztanleon duintasunean sinesten duten pertsona guztiak". Horretarako, datozen asteetan dekalogoa jendarteratzeko dinamika trinkoa gauzatuko dute: "Edozein aukera baliatuko dugu kalean azaltzeko eta ahalik eta atxikimendu gehien lortzeko".
Enplegu duin, Eskubide Sozial eta Ondasunen banaketaren aldeko Uribe Kostako Koordinakundea plazaratutako dekalogoa (pdf)