Xabier Aierdi eta Jose Enrique Antolin EHUko irakasleak absolbitu egin dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mar. 19a, 19:49

Bilboko Zigor Arloko 1. epaitegiak Jose Enrique Antolin Iria eta Xabier Aierdi Urraza EHUko irakasleak absolbitu egin ditu, EFE albiste agentziak zabaldu duenez. 1992/1993 eta 2001/2002 ikasturteetan, Dominikar Errepublikan zen Belen Gonzalez Peñalvari eta Cabo Verden zendutako Angel Lete Etxaniz deportatu politikoei unibertsitatean ikasten uzteagatik, joan den astean epaitu zituzten, prebarikazio delitua leporatuta. Gaur argitaratu den epaiaren arabera, irakasleek ez zuten deliturik egin egoera akademiko berezian dauden ikasleen zerrendan bi deportatu edukitzeagatik, egoera horri "horrela etorri zitzaielako". Deportatutako ikasleentzat araudirik ez zegoenez, "preso zeuden ikasleentzat zegoen araudi bakarra" jarraitu zuten. Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean Gonzalez Peñalvak eta Letek izena eman zutenean, "ez EHUko inork, ez irakasleek, ezta beste taldeetako langileek ere" ez zutela "ustezko irregulartasun baten susmorik izan" dio epaiak. Orduan errektore zen Pello Salaburuk, gainera, presoekin jarraitzen zuten sistema bera ezarri behar zitzaiela uste zuela esan zuen epaiketan. Horregatik guztiagatik, klaseak behin matrikula eginda zutenean eman zizkietela ondorioztatu du epaileak, eta "katedra askatasunari eutsiz" eurentzat egokiena zen ebaluazioa jartzea erabaki zutela; gehienetan, lanak aurkeztuz. Epaitegiak esan duenez, epaia ez da irmoa. Beraz, Bizkaiko Lurralde Auzitegian hamar eguneko epean "helegitea jar dakioke". Argazkian, Xabier Aierdi EHUko irakasle eta soziologoa ETBko hauteskunde saio batean / cc-by-nc-nd Agirregabiria.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun