"Udalak bere kabuz (dekretuz) onartu ditu aipatutako lehiaketa hori arautuko duten oinarriak, sindikatuoi aurretiaz ezer jakinarazi gabe, eta inolako negoziazio barik, irizpide orokorrak ezartzeko plangintza bat taxutze aldera, indarrean dagoen legediak agintzen duenez (EBEP 37.1.c)", salatu du LABen tokiko atal sindikalak. Lan-poltsei dagokienean, Erandioko Udalean daukagun araudia da, edozelan ere, 2009ko akordioa, Udala eta sindikatuen artekoa, gogoratu dutenez
Akordio horrek honela dio, bere lehen bi paragrafoetan:
- Lan-poltsen xedea da aldi baterako kontratuak egitea eta, horien bidez, aldi baterako bete behar diren lanpostuak betetzea behin-behineko edota noizbehinkako beharrei aurre egiteko.
- Hori horrela izanik, lan-poltsak ez dira egiturazko lanpostuak betetzeko erabiliko. (…)
Arkitekto teknikoen lan-poltsa osatzeko arautuko duten oinarrietako lehenengoak, aldiz, honakoa zehazten du:
- Deialdiaren helburua da lan-poltsa bat eratzea, Erandioko Udalean aldi baterako edo noizbehinkako premiei erantzuteko, eta bereziki, indarrean dagoen lanpostuen zerrendan jasotako arkitekto tekniko lanpostuak aldi baterako betetzeko.
Hartara, hutsik dauden arkitekto teknikoen lanpostuak bi dira, eta horiek biak, gainera 2010eko Enplegu Publikoaren Eskaintzan daude (BAO. 114. zk. 2010, ekainak 17).
"Horietariko bat behin-behinean beteta dago, eta bestea, ordea, hutsik. Hortaz, arkitekto teknikoen lan-poltsa osatzeko lehen oinarrian argi geratzen denez, lan-poltsa erabiliko da bete barik dagoen egiturazko lanpostua betetzeko behin-behineko langile batekin, indarrean dagoen akordioa urratuz, eta baldintza eskasak areagotuz", LABen arabera.