Lehenengo lapurreta, abenduaren 19an, gaueko 11ak aldean izan zen, Segurtasun Sailak zabaldu duenez. Gazteen lonja baten barruan bi adingabe zeuden eta, bat-batean, lokalean bi gizonezko sartu eta lapurtu egin zieten, ateko kisketa ez baitzegoen barrutik itxita. Lapurretako batek neurri handiko sukaldeko aizto batekin egin zien mehatxu, eta beste bat zeraman gerrian. Polizia iturrien arabera, lapurrek hauexek ostu zizkieten biktimei: droga apur bat (haxixa eta marihuana kopuru txikitan), mahaigaineko bideo-kontsola bat, LTDa hartzeko gailu bat eta bi sakeleko telefono.
Bigarren lapurreta otsailaren 24ko gaueko 10ak aldean izan zen, udalerri horretako gazteen aisiarako beste lokal batean. Oraingoan bi gizonezko sartu ziren lonja batean, horietako bat sukaldeko aizko batekin, eta bertan zegoen gazte bat ikaratu zuten. Biktimak kalterik nozitu gabe egin zuen ospa; lapurrek, orduan, diru pixka bat zuen kutxa gotor bat, gerriko poltsa bat (telefono bat, bankuko txartelak eta dokumentazioa zituen barruan) eta haxix zein marihuana kopuru txikiak eskuratu zituzten.