Besteak beste, 2014tik aurrera ezarriko diren maiztasunak jorratu zituen atzo lehendabiziko aldiz bildutako
Metro Bilbaoren Administrazio Kontseilu berriak. Horrela, Bizkaiko Garraio Partzuergoak aurrekontua berresten badu, Bilbon 3 minututik behin ibiliko dira trenak eta 6 minututik behin adarretan. "Maiztasun horiek Metro Bilbaoko aurreko zuzendaritzak hartutako erabakiak zuzenduko dituzte,
egindako eskari-azterketekin bat datoz eta metroak, sortu zenetik berezkoa izan duen bezeroei kalitatezko zerbitzua emateko bokazioari erantzuten diote", adierazi dute garraio enpresako iturriek. Zerbitzu bereziak ohikora itzuli eta berreskuratu diren era berean, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera lanegunetan goizeko 9:30etik 15:30era maiztasunak indartzeko asmoa dago. Aldi berean, eta gehigarri, udako zerbitzua hobetu gura da, uztaileko lehen astean neguko hilabeteetako zerbitzuaren antzekoa jarriz. Bestalde, bidaia-txartelen tarifez ere aritu ziren. Erakundeak batez beste muga iazko PKI duten igoerak proposatu ditu. "Edozelan ere, proposatutako igoera 2012an egindakoa baino nabarmen txikiagoa izango da, orduan %5,6 garestitu baitziren eta, gainera, BEZaren igoera ere jasan zuten (%1,85) irailaren 1etik aurrera", azaldu dute Metro Bilbaoko arduradunek. Tarifak Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Batzar Nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako Prezioen Batzordearen bidez berretsi beharko dituzte. Argazkian, bidaiariak metro geltoki batean, artxiboko irudian.