Behin izena emanda, birziklatze-kit bat jasoko dute dohainik. Azken horrek, zehazki, hauek edukiko ditu: ontzi txiki marroia, etxean edukitzeko eta mota horretako hondakinak biltzeko; ontzirako konpostaje-poltsa egokiak, hondakinak haietan sartzeko; edukiontzi marroia irekitzeko giltza, bertan hondakinen poltsak sartzeko; eta hozkailurako iman bat, edukiontzi marroira bota ahal diren hondakinak adierazten dituena. Bosgarren edukiontzia edo edukiontzi marroia hondakin organikoetarako berariazko edukiontzia da, zehazki kozinatu gabeko landare-jatorriko hondakinetarako, frutak, berdurak, ogia eta opilak barne. Beste hondakin natural batzuk ere, hala nola loreak eta sustrairik gabeko landareak, edukiontzi marroi horretara bota behar dira. Urdulizko Udalak bi helburu erdietsi nahi ditu bosgarren edukiontzia ezarririk: "batetik, hondakindegira joaten den zarama organikoaren bolumena murriztea, eta, beste alde batetik, halako hondakinak ingurumena errespetatzen duen modu batean erabiltzea".
Udaletxea eta Kultur Etxea
Udaletxea bera eta Kultur Etxea dira guneetako bi, eta leku horietan zenbait kutxa ipini dira, bat egiteko fitxak uzteko, fitxotan zeinek bere datu pertsonalak aditzera emanda. Bat egiteko eta informatzeko gainerako guneak hainbat lokal dira, edukiontzi marroi horren bidez birziklatzekoak diren hondakinen modukoak sortzen dituztenak, hain zuzen ere: fruta-dendak, okindegiak eta jatetxeak. Guztira, mota horretako 11 lokal dira ekimenarekin bat egin dutenak eta beren establezimenduak kanpainarako utzi dituztenak; hala, toki bat prestatu dute informazio-liburuxkak eta bat egiteko fitxa sartzeko kutxa han egon daitezen. Horrez gain, lokal horien ardura dutenek kanpainaren irudia ageri duen amantal bat eramango dute, urduliztarrek era jarraitu eta dinamikoan ikus dezaten.
Informazio-kartelak jarriko dira Urdulizen dauden hiru totem edo MUPI direlakoetan; era berean, stand ibiltari bat udalerriko trafiko gehieneko herriguneetara joango da apiril osoan, bizilagun guztiak jakinaren gainean egon daitezen 5. edukiontziaren inguruan nahiz udal-ekimen honekin bat egitearen garrantziaren inguruan.
Konpromiso onuragarria
Tokiko agintarien ustez, edukiontzi marroia ezarri eta erabiltzeak "onura handia" ekarriko du ingurumenaren aldetik; "hain zuzen ere, konpostajearekin kalitate bikaineko ongarria lortuko da, zaramak gutxituko dira eta atmosferara isurtzen den CO2-a murriztu egingo da". "Gauza on horiek guztiek, era berean, eragin ekonomiko positiboa izango dute herrian, biltzeko sistema horrekin Udalak aurreztu egingo duelako", gaineratu dutenez. Hori gutxi balitz, edukiontzi marroian uzten diren hondakinak Artigako konpostaje-plantara eramango dira, eta, han, mendi, parke eta berdeguneetarako ongarri bihurtuko dira. Urdulizko Udalaren iritziz, "edukiontzi marroia ezartzeak alderdi positiboak baino ez ditu, eta horregatik erabaki du era proaktiboan ekitea proiektu hori garatzeari". Horren haritik, bizilagun guztiak animatu ditu "ingurumen-kontzientziaren esparruan pauso bat emateko", beraien hitzetan, "ahaleginak merezi du eta".