Bilboko Portu Agintaritzaren garbiketa zerbitzuetako ontzi batek 45 urteko gizon baten gorpua topatu du gaur, 13:00ak aldera, Ibaizabalgo uretan. Berehala, Ertzaintzari horren berri eman diote eta Polizia autonomikoak gorpua uretatik atera du. Beharrezko izapideak egin ondoren ehorztetxeko beharginek gorpua eraman dute. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldu duenez, gizonezkoa Erandio parean agertu da, Rontegi zubitik gertu. Ertzaintzaren arabera, gorpuan usteltze prozesua aurreratua egon da. Hori dela eta hasieran ezin izan dute gizonezkoa identifikatu. Halere, ondoren poliziek zendutako gizonaren dokumentazioa topatu eta bere nortasuna jakin dute. Hiru datu besterik ez dute zabaldu hildakoaren inguruan, gizonezkoa, 45 urtekoa, eta jatorri magrebtarrekoa zela, alegia. Argazkian, urtarrilaren 29an Itzubaltzeta / Romon kalean zendutako gizon baten gorpua.