Korrikak Erandio bisitatuko du gaur arratsaldean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mar. 21a, 10:36

Goizeko bederatziak aldera sartu da Bizkaian Korrika. Ubidetik barrena, Arratiatik zabaldu eta goiz osoa ibiliko da Bizkaian zehar euskararen lasterketa. Arratsaldean, Sondika eta Bilbo artean, Asuan korrika egiteko aukera izango dute erandioztarrek zein eskualdeko bizilagunek, biharko tsunamirako entsegu gisa edo norberaren prologo partikularra egitearren. Hitzordua 17:13an jarri dute Txorierriko AEK-ko lagunek. Emozioz beteriko 17 minutu igaro eta ohi bezala Enekuriko aldapak pelotoia apurtzeko lana hartuko du, nork bere indarrak xahutu eta bide bazterrean lotu arte, irribarretsu. Asteartean Arabako Lautadan bezala, eskola guztietako umeek Korrika “handian” hartuko dute parte; hortaz, ibilbide animatua espero dute gaurkoan. Ikasle helduxeagoak ere ibiliko dira, euskaltegikoak hain zuzen; beraz, omenduen kilometroa izango da 1681 kilometroa, Igorren. Argazkia: © Korrika.

Bestalde, enpresa askok erosi dute kilometroa eskualde honetan. Esaterako, Batz kooperatiba (1694 km), Gorosti (1677 km), Indar (1678), Araluze (1696 km), Ormazabal (1699 km), Ibaigane Opel (1708 km)… beste askoren artean. Bertso eskolakoek, berriz, bertsoak botako dituzte lekukoa eramaten duten bitartean (1700 km).

Erandion, 17 minutuz

Zornotzatik igarota, Txorierrin sartuko da Korrika, Larrabetzutik. Hogeita hamar kilometrotik gora egingo du herriz herri Bilbora sartu aurretik. Larrabetzuko hainbat ikaslek bat egin dute euren zatia erosteko eta hala, korrika eginen dute 1721 kilometroan. Horien ondoren, eskolak eta guraso elkarteak hartuko dute lekukoa (1722 km), Udalak (1724 km), Herrirak (1725 km)… 1727. kilometroa berezi-berezia izango da, Lezamako eskolak hartuko baitu lekukoa. Aurten 25 urte bete ditu eta horren izenean egingo dute korrika, euskararen alde. Laurak aldera, Deriora hurbilduko da Korrika eta bertako ikasleek eginen diote harrera. Aurrerago ere, kilometro polita egingo dute Derioko Gure Señeak (1740 km), gaixotasun arraroen elkarteko kideek. Sondikako 1749 kilometroan Sabin Gaztañaga, AEK-ko Bizkaiko arduradun izandakoaren omenez egingo dute korrika eta handik Erandiora abiatuko da euskararen aldeko olatu erraldoia.

Arratsaldeko 17:30ean sartuko da Korrika 18 Bizkaiko hiriburuan, Enekuritik.

Lau ordu eta erdiko ibilbidean, hainbat eta hainbat izango dira lekukoa eramango duten elkarte, erakunde eta norbanakoak, hala nola: Bilboko Metroa (1758 km), Eusko Sozialistak talde parlamentaria (1781 km), gehiengo sindikala (1785 km), EAJ-PNV (1792 km), EHU (1793 km), Herrira plataforma (1794 km), Bilboko Udala (1801 km), 7 Katu gaztetxea (1803 km), EH Bildu (1806 km), Bizkaiko Bertsozale elkartea (1809 km), CCOO (1815 km)…

Izango da, halere, San Inazioko “trikikilometro” famatuaz gain (1760 km), kilometro berezirik aurtengo edizioan. Adibidez, Athletic Clubek Arriaga parean hartu ohi zuen Korrikaren lekukoa, baina aurten, San Mames zaharraren 100. urteurrenaren harira, eta laster botako dutenez gero, San Mamesen ondoan egingo du bere kilometroa (1766 km).

Plaza Zirkularrean, Bilboko euskalgintzaren kilometroan (1786 km), Bilboko Euskalgintzak euskara ikasleekin bat egin eta botere publikoei dei egingo die, Bilboko Udalari espresuki, euskara babesteko eta bultzatzeko neurriak ezar ditzaten. Hori irudikatzeko, euskalgintzako partaide batek Bilboko euskara ikasleei emango die lekukoa. Ikasle taldea Bilboko euskaltegi guztietako ikasleek osatuko dute.

Jatorri guztiak, kultura guztiak eta gure herriko identitate guztiak batuko dira euskararen aldeko lasterketan “Gora aniztasuna!” oihukatzeko EH 11 Koloreren kilometroan (1787 km), Moyua plazan. Gure jatorria edozein dela, Euskal Herrian euskarak batzen gaituela aldarrikatuko dute. Izan ere, Nazioarteko Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Eguna da martxoaren 21a, eta Korrikak eta EH 11 Kolorek bat egingo dute egun horrekin. Ekimenaren bozeramaile Xabier Mendiguren Bereziartuk eta Samira Goddi Mendizabalek eramango dute, jatorri ezberdineko hainbat euskal hiritarrekin batera, lekukoa.

Lehenengoz Bilbon, ibaian gora egingo du lekukoak: txalupaz eramango dute lekukoa Deustuko arraunlariek, Corte Inglesek diruz lagundutako kilometroan (1800 km).

Pablo Berasaluze pilotariak eta Kepa Junkera musikariak eramango dute lekukoa San Nikolas elizaren aurrean Korrika 18ri furgonetak utzi dizkion Ansareo taldearen izenean (1802 km).

Korrika gaueko hamarrak baino zertxobait lehenago sartuko da Etxebarrin barrena (Hego Uriben) eta sei kilometroz ibiliko da bertako kaleetan gora eta behera, ibilian. Berbalapiko eta bertako merkatariak izanen dira lekukoa eramaten lehenak (1830 km) eta Aperribaiko auzokideak, azkenak (1836 km) Etxebarriko mugen barnean. Bertako eskolaren kilometroa 1832.a izango da eta Jon Domingezek hartuko du lekukoa, gurpildun aulkian, irakasle batek lagunduta.

Etxebarritik Galdakaora jauzi egingo du Korrikak hamarrak eta laurden aldera, eta tarte horretan hamaika lagunen eskuetatik saltoka ibiliko da lekukoa Zaramatora heldu arte. 1848. kilometroan Pasioaren ordezkariek hartuko dute lekukoa. Talde hau Aste Santuan ere prozesioan ateratzen da eta, oraingoan, lekuko eramaileak Jesukristo haragituko du eta gainontzekoak erromatar jantzita egingo dute lasterka. Jarraian iritsiko dira Basaurira eta hainbat eta hainbat lagunek eramango dute lekukoa: auzo elkarteek (1853 km), herri mugimenduek (1855 km), Marienea Basauriko emakumeen etxeak (1857 km)… 1858 kilometroan Gaizka Tobarrek hartuko du lekukoa. Lesionaturik omen dago, baina Korrikan parte hartzeko gogotsu; beraz, nola edo hala eginen du lasterka, gurpildun aulkian ziur aski.

Ostiral goizaldean kilometro gutxi batzuk egingo ditu Korrikak Araban, sartu-irten bat Bizkaiko ibilbidearen barruan. Hori dela eta, Laudion ostegun iluntzerako bertso batukada ibiltaria antolatu dute, eta ondoren txitxiburduntzia Herriko Plazan. Giro ederrean ibiliko dira, hortaz, euskalakari korrikalariak Arakaldo, Areta, Laudio eta Okondon. Inguruko udal, enpresa, alderdi politiko eta euskara, kultur eta kirol elkarteek hartuko dute parte. Baita Laudiko AEK-ko eta udal euskaltegiko ikasleek ere. Omenduak izanik, 1897 kilometroa egingo dute elkarrekin.

Bizkaiko Enkarterrietara joko du ondoren Korrikak. Bertako udalak prest agertu dira kilometroak erosi eta lekukoa omenduak diren euskara ikasleen esku uzteko. Horrela egingo dute, adibidez, Gordexolakoak (1907 km) eta Balmasedakoak (1925 km). Beste hainbat kilometro erosi dituzte eskualdeko kutur elkarte, dantza talde, ikastetxe eta gainontzeko euskalakariek.

Ostiral goizeko sei eta erdiak aldera iritsiko da Korrika Galdamesera. Ondoren, Muskizen batzuek modu berezian hasiko dute eguna: Cantarrana ikastetxeak (1935 km), Gazte Asanbladak, Jarraitzen dugu txistu taldeak eta Barbadun pilotazale elkarteak (1937 km)… 1941. kilometroa Abantoko lehenetarikoa izango da: Enarak dantza taldeak egingo du, euskal jantziak soinean. Handik Ortuellara abiatuko da Korrika, eta ondoren Trapagaranera. Portugaletera heldu aurretik, AEK-ko Bizkaiko bulegoko 1963ko kintoek kilometro bat korrituko dute, zein eta 1963.a. Jaio ziren urtearen zenbakia aukeratu eta hara joango dira euskararen aldeko aldarria zabaltzera lekukoari tinko eutsiz. Goizeko bederatzi eta erdiak aldera sartuko da Korrika Ezkerraldean.

Hamaika modu Korrika jarraitzeko

Korrika 18 non dagoen uneoro, zuzeneko emisioak Korrikatik bertatik, hurrengo eguneko aurreikuspenak, bideoklipak, argazkiak… Korrikaren aplikazioa Android zein iphonetarako: Korrika non dagoen, lekukoa nork daraman, zer distantziara dagoen, iristeko zenbat denbora falta den…

Zuzeneko konexioak hainbat eta hainbat irratitan, jarraipena Kanaldude telebistan eta gaueroko saioak Hamaika Telebistan eta ETB3n.

Korrika agenda

Martxoak 21, osteguna, Erandio

21:00 Kilometroak margotzea.

Martxoak 21, osteguna, Leioa

21:00 Propaganda jai herrikoia eta kilometroak margotzea, Lamia AEK euskaltegitik abiatuta.

Martxoak 22, ostirala, Erandio

09:30 Herria apaintzea.

Martxoak 22, ostirala, Leioa

Korrika Eguna
10:15 Korrika Txikia, Askartzan hasita.
13:00 Korrika Leioan. Metro geltokitik helduko da.
17:00 Umeentzako jolasak Euskal Etxeen plazan.
20:00 Kantu poteoa Xcareten hasita.
22:00 Kantu afaria Txomin Aresti eskolan.

Korrikaren ordutegiak Uribe Kosta eta Erandion:

Martxoak 21, osteguna

Erandio (Asua) 17:13

Martxoak 22, ostirala

Erandio (Altzaga) 12:15
Leioa 13:01
Erromo 13:33
Algorta 14:00
Berango 14:55
Sopela 15:16
Barrika 15:54
Plentzia 16:18
Gorliz 16:42
Urduliz 17:15
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun