"Etorkizuna independentzia" lelopean, Iruñean egingo du aurtengo Aberri Eguna igande honetan, martxoak 31, Independentistak Sareak. Eragile horrek krisiarekin lotu du Euskal Herriaren egoera. Uste dute Euskal Herria "hipotekatuta" dagoela, eta halaxe segituko duela, "gure bidea libreki hartzen ez dugun bitartean". "Itotzen gaituzten loturak hautsi behar ditugu. Eta independentzia da horren gakoa. Erabakirik har ez ditzakeen herria ez da aske, besteen menpekoa baizik, eta guk herri askea izan nahi dugu", esan zuten hilaren 16an Iruñean egindako agerraldian. Hain zuzen ere, aldarrikapena eta festa uztartuko dituen Aberri Egunera joateko autobusak izango dira Uribe Kosta eta Erandion. Ondoko geldialdiak egingo ditu garraioak: 09:00etan, Plentzian; 09:10ean, Sopelan; 09:20an, Berangon; 09:30ean, Algortan; 09:40an, Itzubaltzeta / Romon; 09:50ean, Leioan; eta 10:00etan, Erandion. Autobusean izena emateko tokian tokiko herriko tabernara jo beharko dute Aberri Egunera joan nahi dutenek; edo bestela independentziaUK[abildua]gmail.com helbide elektronikora idatzi. Osteguna, martxoak 28, izango da horretarako azken eguna. Argazkian, 2012ko Aberri Eguna Iruñean / © Independentistak Sarea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!