Virginia Díaz Rivas Areetako Raspas taldeko arraunlariak brontzezko domina eskuratu zuen skiff-eko modalitatean, emakumezkoen maila absolutuan, joan zen asteburuan, martxoak 22 eta 23, Banyoleseko aintziran (Girona) jokatutako Udaberriko Trialean. Skiff-eko eta lemazain gabeko 2-ko 140 ontzik parte hartu zuten txapelketan, gazte eta absolutuen mailatan, emakumezko zein gizonezkoetan. 32 taldek eman zuten izena guztira. Emakumezkoen final absolutua oso estua izan zen. Izan ere, irabazlearen eta hirugarrenaren artean bi segundoko tartea baino ez zen gertatu, Raspasekoek azaldu dutenez. Anna Yuchenko (C.N. Castrelo de Miño) izan da txapelduna 08:03,24-ko markarekin; Nuria Domínguez (Club de Remo Tui) izan da bigarren, 08:04,55-eko denbora eginez; eta hirugarren Virginia Díaz, Raspasekoa, 08:05,47-ko markarekin. Bestalde, proba berean, skiffeko gizonezkoen maila absolutuan, Jon Carazo eta Ander Zabala, horiek ere Raspas Arrauneko kideak, 6. eta 8. sailkatu dira, hurrenez hurren. Argazkian, Virginia Díaz podiumean / © Raspas Arraun Taldea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!