Hasieran itxi beharko zutela zabaldu arren, Sestaoko bulegoa zabalik mantenduko dutela baieztatu zuen atzo Kaleratzeak Stop Bizkaia plataformak. Udaletxeak utzitako gela batean aritzen dira, eta udalak argindarra eta ura ordaintzen badu ere, ez dute internetek eta telefonoak eragindako gastuei aurre egiteko gaitasunik. Plataformaren bozeramaile Marta Uriarteren arabera, hilean 200 euroko laguntza bat nahikoa litzateke lanean jarraitu ahal izateko. Tokiko agintariekin kontaktuak abiatu ostean mantenduko dute zabalik, 10:00etatik 13:30era, Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez. Uriartek baieztatu duenez, beste bulego bat inauguratuko dute apirilaren 10ean, Berangoko Udalak gastuak ordainduko dituela; eta bigarren bat hilaren 12an, Itzubaltzetako Gazte Asanbladak Etxe Merkean utzitako lokalean. Lehenengoan, Uribe Kostako herritar guztiei astearte eta ostegunetan emango diete arreta, 10:00etatik 13:30era. Bigarrena astelehen, asteazken eta ostiraletan egongo da zabalik, ordutegi berean. Argazkian, Marta Uriarte, artxiboko irudian.