Getxoko Justizia Jauregiaren kontrako atentatu saiakeran Goikoetxea eta Cotanoren absoluzioa berretsi dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko api. 3a, 20:43

Getxoko Justizia Jauregiaren kontrako atentatu saiakeraren auzian, Arkaitz Goikoetxea Basabe preso politiko getxoztarra eta Aitor Cotano Sinde gatibu algortarraren absoluzioa berretsi egin du Espainiako Auzitegi Gorenak, Fiskaltzak jarritako helegitea atzera botaz. Atzo eman zuten ezagutzera sententzia, Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez. Goikoetxea eta Cotano absolbitu egin zituen 2012ko maiatzean Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor arloko 4. salak; tribunalaren ustez, "ez dagoelako akusatuen parte hartzea froga dezakeen oinarririk". Fiskalaren arabera, ordea, berak eskatutako frogek berretsi egingo lukete Cotanok egindako aitorpena. "Cotanok esan zuen Goikoetxea zela taldearen arduraduna eta berak eman zizkiela lehergailuak taldeko kideei; ondoren, hainbat kidek —Asier Borrero algortarra tartean— eta Cotanok berak lehergailuak jarri zituztela epaitegian", aipatu iturrien arabera. Epaiketan, ordea, bere aurkako froga bakarra, Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikatuta zegoela egindako adierazpenak zirela onartu zuen tribunalak berak. Fiskaltzak 44 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen bakoitzarentzat. Argazkian, "Epaiketa politikorik ez. Utzi bakean Euskal Herria" lelopean, 80 lagun inguru elkartu ziren 2012ko apirilaren 12an arratsaldean Algortako Telletxe plazan, epaiketa salatzeko.

Fiskalak aipatzen zuen froga zera zen: lehergailu gisa erabili zuten eltze batean aztarna bat topatu zutela, eta Borrerori dagokiola. Borrero momentu horretan ez zegoen epaituen artean, eta Auzitegi Nazionalak ez zuen froga hori onartu, defentsaren eskariz, argudiatu zuelako froga horrek ez ziela eragiten une horretan epaituak izaten ari zirenei.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun