Apirilaren 27an izango da Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko api. 4a, 19:58

Aurten 20 urte beteko ditu Sopelako Esaera Zaharren Txapelketak. Tokiko AEK-k antolatuta eta Udalaren lankidetzarekin, euskaltzaleon ezinbesteko hitzordua apirilaren 27an izango da. Xabier Amuriza berriztarra eta Ane Labaka lasartearra izango dira bertsolari gonbidatuak, eta parte-hartzaileek bertso bakoitza dagokion esaera zaharrarekin lotu beharko dute. Izena ematerakoan banatuko da ehun esaera zaharren zerrenda. Txapelketaren helburua bertsoak eta atsotitzak elkartzea eta primeran pasatzea da. Horretarako, egun osoko egitaraua prestatu dute AEK-ko lagunek: lehen fasea goizean izango da herrian zehar. Eguerdian, frontoian herri-bazkaria egin ostean, finalerdiak eta finala etorriko dira. Urtero legez, parte-hartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea: 10 euro taldeko txapelketarako eta beste 18 euro bazkarirako pertsona bakoitzeko (honako kontu korrontean sartu beharko da: Ipar Kutxa 3084 0047 85 6400020827). Epea hilaren 22an amaituko da, eta e-postaz (jose-p[abildua]aek.org / aitor-f[abildua]aek.org) egin daiteke. Bertan taldearen izena (bi, hiru edo lau kidek osatuko dituzte, denak 16 urtetik gorakoak), eta kideren baten posta-elektronikoa edo telefono-zenbakia zehaztu beharko dira. Argazkian, jende mordoa batu ohi da Sopelako Esaera Zaharren Txapelketan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun