Atzo goizean kamioi batek Elorrioko 55 urteko txirrindulari bati bizitza kendu zion Bi-625 errepidean, Basaurin, izandako istripuan. Sopelan ere, zauriturik suertatu zen beste kirolzale bat. Horren aurrean,
Erandioko Txirrindulari Elkarteak erakundeei leporatu zien enegarren heriotza horren erantzukizuna: "errepideetako oldarkortasuna pairatzen dugunoi entzutea nahi ez duten gure erakundeen utzikeria eta gaitasun ezaren biktima berri bat da hau", azaldu zuen Oskar Moreno taldeko presidenteak gertaera lazgarria izan eta ordu batzuetara. Morenok une zaila pairatzen ari diren kirolariaren senide eta lagunei doluminak eta animoak eman zizkien Erandioko Txirrindulari Elkartearen izenean. Era berean, hildakoa "famatua edo federatua zenetz jakiteko zain" egon gabe, segurtasun kanpaina gehiago martxan jartzera deitu du. Kanpaina horiek "txirrindulariekiko errespetuan" oinarritzea eta segurtasun distantzia 1,50 metrotakoa dela azpimarratzea beharrezkoa dela uste dute erandioztarrek. Gainera, autoeskoletan "ahulenak diren oinezkoen zein txirrindularien segurtasunean arreta gehiago" jartzera deitu dute. Poliziei dagokienez, txirrindulariek kaskoa daramatenetz kezkatu ordez "egiten dizkiguten aurreratzeak zaindu ditzaten" eskatu diete. Ildo horretan, hilaren 21ean,
Erandio-Erandio martxa zikloturistaren 21. edizioa egingo dute, goizeko 9etan Erandioko udaletxetik irtengo direla. Ohi bezala, "bizirik errespeta gaitzazu" izango da ekimenaren leloa. Argazkian, iazko martxaren irudi bat / © Jesus Gonzalez - Erandioko Txirrindulari Elkartea.