Sopelako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak 19 eta 17 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte, agenteen kontrako atentatu eta desobedientzia delituak egotzita. Eusko Jaurlaritzaren
Segurtasun Sailak zabaldutakoaren arabera, atzo, 17:30 aldera, Loyola Ander Deuna kalean, gelditzeko eskatu zioten udaltzaingoek Kantabriako matrikula zeukan Seat Ibiza ibilgailuko gidariari, beste bi lagunekin zihoala. Hasiera batean gelditu, baina, segidan, ihes egin zuen autoak BI-634 errepidetik, Getxora bideak, abiadura handian. Polizia iturriek diotenez, ihesaldian zehar, birritan jo zuten patruila autoaren kontra gaizkileek. Bigarrenean, elkar jo zuten bi ibilgailuek eta ihesaldia oinez jarraitu behar izan zuten udaltzainek. Azkenean, 19 urteko gazte bat atxilotu zuten, atentatu eta desobedientzia delituak leporatuta. Gainera, diotenez, marihuana-kukulu bi aurkitu zizkioten. Horren ostean, Ertzaintzak hartu zuen ikerketaren ardura eta, gaur goizean, 17 urteko adingabeko bat atzeman dute Getxon, ihes egin zuen ibilgailuaren gidaria delakoan. Atentatu delitua leporatzen diote. Hirugarrenari buruz, ordea, ez dute ezer aipatu. Argazkian, Sopelako Udaltzaingoaren patruila autoa.