Espainiako eta Frantziako Estatuek euskal preso politikoen aurka darabilten "muturreko espetxe politikaren aurrean" erantzun bat ematera deitu zuen asteartean Herrirak. Mugimenduak salatu zuenez, Xabier Lopez Peñak jasandakoa eta bere senideak sufritzen ari direna, Estatuek espetxe politikaren bitartez euskal preso politikoen aurka erabiltzen duten "doako biolentziaren kasu bat baino ez da", adierazi zuen Herrirak, eta martxoan bestelako irudi lazgarri batzuk izan direla gaitzetsi du. Horien artean Anjel Figueroa etxean preso zeukaten algortarraren heriotza, Muret, Puerto III eta Sevillako espetxetan euskal presoek jasandako jipoiak edo Jabi Martinez Izagirre presoaren senideek Jaenetik bueltan izandako istripua aipatu zituzten. Bada, bihar, larunbata, manifestazio isilak zeharkatuko ditu Bilboko kaleak, “Berriro gerta ez dadin. Salbuespen neurriak eten. Giza eskubideak, irtenbidea, bakea” lelopean. Martxa 17:30ean abiatuko da Casillatik. Bitartean, gaurko Bilbo, Basauri, Galdakao, Gasteiz, Iruñea, Donostia, Baiona, Donibane-Lohitzune, Hazparne, Donibane-Garazi eta Maulen deituak zeuden mobilizazioak. Beste horrenbeste egingo dute 20:00etan, Sopelako udaletxe aurrean. Argazkian, martxoaren 15ean, iluntzean, 800 lagun baino gehiago batu ziren Anjel Figueroaren heriotza salatu eta preso politiko gaixoak orain aska ditzatela aldarrikatzeko / cc-by Algortako Herrira.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!