Ikuskizun horrekin hausnarketa eragin nahi dute, zenbait giza errealitatera hurbilduta. Horretarako, bonbardaketan hil zirenek –berpiztu ostean– azaltzen dute gertaturikoa. Ezbeharraren aurretik nolako bizimodua zuten eta bonbardaketak utzitako ondorioak kontatzen dituzte. Dantza tradizionala eta garaikidea batzen ditu emanaldiak. Memoriaren bidez bizi berri batean berpiztea posible dela adierazten dute dantza emanaldiko protagonistek.
Argi eta koloreez gain, doinuak ere garrantzia dauka: Aitor Amezagak konposatutako musikak eta Pablo Sorozabalen Gernika martxa ezagunak girotzen dute ikuskizuna. Era berean, Alaitz Ormazabalen ahotsak ere Gernikako sarraskiaren memoria "bizirik mantentzen" laguntzen du, konpainiako kideen esanetan. Izan ere, narratzaile zein abeslari moduan, kontu eta bertso zaharrak uztartuz, gertatu zena azaltzen du.
Hamasei urteko ibilbidea
Orain dela hamasei urte sortu zuten Aukeran dantza konpainia, eta ordutik tradiziozko dantza hizkuntza berriak sortzen dihardute. Ballet klasikoa eta dantza garaikidea lantzen dituzte. Koreografietan arau asko desegituratu eta garaiko atalak eransten dituzte. Horrela, euskal tradiziozko dantzaren aberastasuna erakusteko asmoz, hizkuntza berri eta gaurkotuago bat lortuz.