Honela dio Connollyk artikulutik ateratako zenbait paragrafotan (merezi du artikulu osoa irakurtzea):
(…) "Errepublika sozialista baten ideiak, iraultza politiko eta ekonomiko osoa gauzatuko lukeenez, beren jabetza eta pribilejioak galtzeko beldur diren gure aldeko klase-ertain eta aristokrazia nahasiko dituela ihardetsi daiteke.
Baina zer esan nahi du ihardespen honek? Klase pribilegiatuak baretu egin behar ditugula Irlandan!
Baina beraien etsaitasuna lasaitzeko modu bakarra, Irlanda aske batean beraien pribilegioak ez direla ukituak izango bermatzea da. Hau da, Irlanda kanpoko menpekotasunetik askatzen denean, soldadu irlandarrek, egun Britainiar mandatariek erakusten duten eraginkortasun berarekin eta kexa gabe, jauntxo kapitalisten etekin iruzurtiak “behartsuen esku mehetatik” babestuko dituztela bermatzea. Baten batek uste al du masek ideal horren alde borrokatuko dutenik?
Irlanda askatzeaz hitz egiten denean, Irlandako lurra osatzen duten elementu kimikoez ari al gara soilik? Edo Irlandako herriaz ari gara? Azken honetaz ari bagara, zeinez askatuko zaiela suposatzen da? Ingalaterrako menpekotasunaz?
(…) Sozialista bezala prest nago pertsona batek egin dezakeen guztia egiteko gure aberriari dagokion eskubidea erdiesteko: independentzia; baina galdetzen bazait ea prest nagoen justizia sozialaren aldarrikapenetan kakotx bakar bat mugitzera klase pribilegiatuak lasaitzeko, orduan eskubide hau baztertu beharrean nago. Gogora dezagun deabruaren aldamenean dabilenak ez duela zerurik eskuratzen. Aldarrika dezagun argi eta garbi gure kredoa, gertakizunen logika gure alde dago".
Connollyk 1897an idatzi zituen lerro horiek Irlandan. Hala ere, historia errepikatzen denez denboran zein lekuetan, zenbait aldaketa eginda, esan genezake artikulua gaur idatzia dela Euskal Herrian. Hartara, bereziki garrantzitsuak iruditzen zaizkit amaierako hitzak: "deabruaren aldamenean dabilenak ez du zerurik eskuratzen".
Baina pertsona baikorra naizenez gero, nahi nuke amaitu testutxo hau Connollyren testu beraren beste lerro batzuekin, ederrak baitira:
(…) "Gure aberrikideei aurkeztu nahi diedan errepublika, bere izena aipatze hutsarekin, edozein tokietako zapalduentzat faro baliagarri bat izango den horietakoa da, beti ere, egindako lanaren sari bezala askatasuna eta oparotasuna gailenduko direlarik".
Daniel de Miguel Avecilla, euskal Independentista