Ongi etorri beroa jaso du Pakea Bizkaiaren eskifaiak Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko api. 8a, 14:03

Antartikarako espedizioaren azken etapako tripulatzaileak, Unai Basurko kapitainaren gidaritzapean, Algortako kirol portura iritsi ziren atzo eguerdian. Eguraldia lagun, senideak, lagunak eta aurreko etapetako tripulatzaileak portura gerturatu ziren Pakea Bizkaiari harrera beroa egitera. Atzokoan lehorreratu ziren tripulatzaileek sei aste baino gehiago eman dute Ozeano Atlantikoa zeharkatzen. Pakea Bizkaia behin lehorrean, Unai Basurko kapitaina “pozik, gustura eta emozioz beteta” agertu zen. Basurkoren hitzetan, espedizioa “erabateko arrakasta” izan da, eta tripulazioko kideei buruz “nabigazio osoan erakutsi duten profesionaltasuna eta elkarren arteko giro ona” nabarmendu zuen. Ongietorri honekin amaitu da Antartikarako espedizioa, Kepa Acero surflari algortarra ere protagonista izan zuena. Pakea Bizkaia gizarte-hezkuntza proiektuaren hirugarren espedizio horrek sei hilabetetik gora iraun du. Argazkian, Unai Basurko eta Kepa Acero San Nikolas ikastolako kideekin / © Valentin Basañez - Pakea Bizkaia.

Pakea Bizkaia Algortako kirol portura iritsi zen 14.000 itsas-milia –22.531 kilometro– nabigatu ostean. Espedizioak sei hilabete iraun du. Antartikarako espedizioaren hirugarren eta azken etapako tripulatzaileek ehunka pertsonaren harrera beroa jaso zuten. Izan ere, asteburuko lehen eguzki printzak lagun, portura gerturatu ziren hainbat lagun Pakea Bizkaiaren etorrera ikustera.

Tripulazioari eta Pakea Bizkaiari beren babesa adierazi asmoz, gizarte-hezkuntza proiektu horren enpresa eta erakunde babesle eta laguntzaileetako zenbait ordezkari ere hurbildu ziren Algortara.

Algortako kirol portuko kortesia-pantalanera amarratu ostean, tripulatzaileak eta Unai Basurko patroia belaontzitik jaitsi ziren nabigatzaileak etortzeko irrikan zeuden senideak eta lagunak agurtzera.

Portugalete bide-lagun

Lehorrean, Unai Basurko belaontziaren patroia bidaiaz mintzatu zen: “Arrakasta izan da nabigazioaren ikuspegitik, gizataldearen ikuspuntutik eta euskal komunitateekin izandako harremanen ikuspuntutik”. Espedizioan parte hartu duten tripulatzaileei buruz, “interes komunaren eta indibidualtasunen arteko konbinazio bikaina” izan dela erantsi zuen.

Ondoren, tripulazioak Portugaleteko Ikusgarri dantza-taldeko hogei bat dantzariren omenaldi hunkigarria jaso zuen. Izan ere, Portugalete Unai Basurko belaontziaren kapitaina eta “Pakea Bizkaia: Etorkizuneko itsasoa” proiektuaren zuzendariaren jaioterria da. Dantzari gazteenek Kaxkarot martxa –Lapurdiko eta Nafarroa Behereko dantza– eskaini zieten tripulazioko kideei. Helduenek, ostera, Zuberoako Maskarada antzezpenaren atal bat, Kontrapasa dantza, aukeratu zuten omenaldia egiteko.

Dantzaldiaren ostean, tripulatzaileak eta ongietorria ematera etorritako asko kirol portuan gelditu ziren nabigatzaileak agurtu eta beraiekin argazkiak ateratzeko. Nabigatzaileak oso gustura azaldu ziren bizitako esperientziarekin eta, aldi berean, senide eta lagunekin berriro egoteko gogotsu zeudelako.

Montevideo (Uruguai) atzean utzi zutenetik, joan zen otsailaren 21ean, tripulazioko zazpi kideek Ozeano Atlantikoa zeharkatu dute sei astez. Itsasaldi horretan geldialdi bakarra egin zuten, hilaren 2an, asteartean, Coruñako Sada portuan, meteorologia egoera kaskarra zela eta. Galizian hiru egun lehorrean egon eta gero, ostiralean abiatu ziren Getxorantz. Etxerako bidaia atzo amaitu zuten.

Pakea Bizkaiak ozeanoaren zeharbide luze horri aurre egiteko 300 litro-ur edangarri zeramatzan eta beste zereginetarako 1.200 litro. Unai Basurko kapitainarekin batera, Pakea Bizkaiatik ondorengo tripulatzaileak jaitsi dira: EHUko Nautika eta Itsas Garraioko ikasle diren Ekaitz Rivas (Bizkaia), Iker Arriaga (Bizkaia) eta Aritz Ortega (Araba), ingeniari teknikoa den Borja Villagran (Gipuzkoa), Itsas Nabigazioan diplomatua den Laura Terceño (Bizkaia) eta Valentin Basañez argazkilaria (Araba).

Atzoko ongietorriarekin amaitu da Unai Basurko nabigatzaile profesionalak zuzentzen duen gizarte-hezkuntza proiektuaren hirugarren espedizioa. Oraingoan belaontzia Antartikako penintsularaino iritsi da eta bidean hainbat geldialdi egin dituzte Kanariar Uharteetako, Cabo Verdeko, Argentinako, Txileko eta Uruguaiko kostaldeetan. Espedizioak hiru etapa izan ditu, eta horietako bakoitzean tripulazio aldaketa bat izan da: Bilbo-Bahia Blanca, Bahia Blanca-Antartikako penintsula-Ushuaia, Ushuaia-Getxo. Sei hilabete baino gehiago eman du Pakea Bizkaiak itsasoarenganako maitasunezko eta errespetuzko mezua zabaltzen. Horrez gain, herritarrak itsasoaren inguruan sentsibilizatzea helburutzat duten heziketa proiektuarentzat eta espedizioaren dokumentalarentzat beharrezko materiala bildu dute.

Kepa Acero eta Antartikako olatua

Espedizioa Bilboko Itsasadarra Itsas Museotik abiatu zen urriaren 7an Antartikarako bidean. Guztira, 20 pertsona izan dira Pakea Bizkaia ontzian espedizioaren hiru etapetan, horien artean, Kepa Acero surflari algortarra. Ez zuen aurkitu bilatzen zuen antarktiar olatua, baina Pakea Bizkaia ontzian bizitako esperientziarekin oso pozik zegoen, izan ere, besteak beste, ur hotzean (2-3 gradu zero azpitik) bainatu zen, neoprenozko bi jantzi soinean zituela, pinguinoekin batera. Momentu hori bideoan dago grabatuta. “Ez da zorterik izan, baina esperientzia ahaztezina izan da. Poz-pozik nago”, zioen Acerok.

Espedizioan zehar, belaontziak Kanariar Uharteetan, Cabo Verden, Argentinan, Txilen, Uruguain eta kontinente izoztuan bota du aingura. Azken horretan hegoaldeko 65 graduko latituderaino iritsi ziren, espedizioaren helburu geografikoa, hain zuzen ere.

Nabigazioan zehar, Pakea Bizkaiak egoera gogorrei aurre egin die, barealdi ekuatorialei edota Hornos Lurmuturreko olatuei nahiz Antartikako icebergei, adibidez. Elkartasunak ere lekua izan du zeharbidean, horren adibide Cheminees Poujoulat belaontziko Bernard Stammen laguntza-deiari jaramon egin ziotenean. Stamm nabigatzaile suitzarra Vendee Globe lehiaketan parte hartzen ari zenean –munduari bira geldialdirik eta laguntzarik gabe– identifikatu gabeko ur gaineko objektu baten kontra talka egin zuen eta energiarik gabe gelditzeko arriskuan zegoen. Erregai horniketa operazioa Hornos Lurmutur mitikotik gertu izan zuen leku urtarrilaren 9an.

Momentu horietan guztietan, haizeen kontra munduari bira emateko Challenge 76 Class belaontziak maila eman du. Horrela egin zuen ere gizarte-hezkuntza proiektuaren aurreko bi espediziotan Ipar Lurmuturra 2011n eta Groenlandia-Ternua 2012an.

Euskal diasporarekiko harremana

Pakea Bizkaiak itsasoarenganako maitasuna eta errespetuzko mezua zabaldu du izan diren portuetan hitzaldiak eta ontzian ate-irekien egunak antolatuz. Gainera, hirugarren espedizioaren dokumentala egiteko beharrezko materiala jaso du, baita gazteei bereziki zuzendutako hezkuntza-materiala ere.

Euskal diasporak ere garrantzi handia izan du espedizio honetan, tripulazioak harreman estua izan baitu Buenos Aires, Necochea, Bahia Blanca, Puerto Madryn (Argentina) eta Montevideoko (Uruguai) euskal etxeekin. Ozeanoz bestaldeko harremanak ere estutu dira. Izan ere, Uruguain, Bruno Mauricio de Zabala durangarra Montevideoko fundatzailea dela eta, tripulatzaileek Durangoko Udalaren oroigarri bat eman zioten Ana Olivera intendenteari. Horren helburua zen bi herrien arteko harremanak estutzea.

Azken finean, Pakea Bizkaiko iturriek azaldu dutenez, "espedizioa oso emankorra izan da gizarte hezkuntza-proiektua gauzatzeko bioaniztasunarekin lotutako material asko bildu baita eta proiektuaren bestelako helburuak gauzatu direlako".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun