Osasunaren Munduko Eguna ospatu du Itxartu taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko api. 8a, 15:08

Atzo, igandea, Osasunaren Nazioarteko Eguna izan zen eta data berezi horri arreta jarri egin zion Algortako Itxartu kultur elkartearen mendi-taldeak. Algortarrek ibilaldia antolatu zuten Aixerrota eta Areeta artean. Ekimenean parte hartu zuten 40 bat lagunen artean, Jon Darpon Osasun sailburua, Joseba Arregi, Keltse Eiguren eta Josu Loroño zinegotziak eta Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea izan ziren. Jon Darponek hipertentsioaren arriskuez ohartarazteko baliatu zuen ekimena. Eritasun horri aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak prebentzioa nabarmentzen du, hipertentsioak areagotu egiten baitu miokardio-infartuak, istripu kardiobaskularrak eta giltzurruneko gutxiegitasuna izateko arriskua. Argazkian, Jon Darpon sailburua, grisez jantzita, Aixerrotan / cc-by Irekia - Eusko Jaurlaritza.

Osakidetzak zabaldutako datuen arabera, aurten mundu osoan milioika pertsonari eragiten dien hipertentsioari eskaini zion eguna Osasunaren Mundu Erakundeak, hiru heldutatik batek hipertentsioa duela uste baita. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokienez, patologia horrek, Osakidetzak diagnostikatua, herritarren %24 ingururi erasaten die; hortaz, lau heldutatik batek arteria-tentsio altua du EAEn.

Hipertentsioak arazo larriak eta hilgarriak eragin ditzake garaiz artatzen ez bada; besteak beste, areagotu egiten du miokardio-infartuak, garuneko hodietako istripuak eta giltzurruneko gutxiegitasun larria izateko arriskua. Dena den, hipertentsioa prebenitu egin daiteke, bai eta tratatu ere, ondorioak arintzeko. "Eritasun horri aurre egiteko giltza prebentzioa da; horregatik, aldatu egin behar ditugu gure portaerak, eta bizitza-ohitura osasungarriak hartu, bai arteria-tentsioa kontrolatzeko, bai, bide batez, ongizate orokorra laguntzeko", nabarmendu zuen Darponek.

"Hipertentsioa izateko arriskua murrizteko, ariketa maiz egitea komeni da (oinez ibiltzea, adibidez), ez erretzea, alkohol gehiegi ez edatea, dieta orekatua izatea, gatz gutxiago hartzea, tratamendua jarraitzea, horrelakorik izanez gero, eta estresa murriztea", adierazi zuen Osasun sailburuak dozenaka herritarrekin batera egindako ordu eta erdiko ibilaldia bukatu ondoren. "Patologia horri aurre egiteko, aldatu egin behar ditugu gure
ohiturak, hori baita eritasuna prebenitzeko eta kontrolatzeko bidea", nabarmendu zuenez.

Ildo horretatik, Osasun Sailak gomendio hauek luzatu ditu, arteria-tentsioa kontrolpean izateko:

• Ariketa fisikoa maiz egitea: horrela, murriztu egiten da koronarioetako eritasuna, hipertentsioa, diabetesa, koloneko minbizia eta bularreko minbizia izateko arriskua, eta, gainera, umoreak eta loaren kalitateak hobera egiten dute.

• Erretzeari uztea: era horretan arrisku-faktoreak eta konplikazioak izateko aukera murrizten da, hipertentsioa edukita ere.

• Alkoholaren gehiegizko kontsumoa saihestea: alkoholak arterietako presioa handitzen du.

• Pisua eta elikadura kontrolatzea: gehiegizko pisuak eta gizentasunak aparteko karga eransten diote bihotzari, eta odol-hodiak estutu egiten dira. Bereziki gantz aseak murriztu behar dira, eta fruta, barazki, zereal eta esneki gaingabetuak hartu.

• Gatzaren kontsumoa murriztea: behar baino gatz gehiago kontsumitzen dugu –bikoitza, zehazki–, eta hipertentsioa da, hain zuzen, ondorioetako bat.

• Sendagaiak aginduz gero bakarrik hartzea: sendagileak adierazitako moduan hartu behar dira botikak, eta, ongi sentitu arren, sendagileak agindutako epe osoan hartu behar dira. Zalantzarik izanez gero, galdetu sendagileari.

• Estresa murriztea: erlaxatzeak hobetu egiten du arteria-presioa.

Azkenik, "osasuna herritarrek gehien estimatzen duten balioetako bat" dela adierazi zuen Jon Darpon sailburuak Osasunaren Mundu Egunean, "batez ere, gurea bezalako gizarte garatu batean". Osasun sailburuak ikuspegi zabalago bat proposatu du: "Gure ustez, osasuna kontzeptu zabala da, osasun-sistematik areago doana. Gure egunerokotasuneko faktore eta baldintzatzaile ugari biltzen ditu, eta horien arabera zehazten da gure ongizate-maila". Sailburuaren iritziz, osasuna sustatzeko kulturak zabaltzen joan beharko luke, osasun-laguntzako kulturaren lekua hartzeko. "Osasuna sustatzearen aldeko kultura ezartzeko eta garatzeko, funtsezkoa da osasun publikoko politikak lehenestea", esan zuen.

Osasuna zaintzeko eta eritasunak prebenitzeko xedearekin, Osasun Saila programa berezi batzuk garatzen ari da. Horien artean, jarduera fisikoa bultzatzeko helburua dutenak aipa daitezke (adibidez, Ttipi-ttapa Gipuzkoan, eta Aktibili Araban), edota Tabako-kerik gabeko Euskadi Plana, tabakoarekiko mendetasuna gainditzeko.
Osasun Sailak ildo hori lantzen jarraituko du, bizimodu eta ohitura osasungarriak sustatzeko programak eta proiektuak garatuz; besteak beste, dieta egokia izateko, tabakoaren eta alkoholaren kontsumoa murrizteko, ariketa fisikoa egiteko, eta gizentasuna prebenitzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun