Iazko otsailean sortu zen
Herrira euskal preso eta iheslariekiko elkartasun mugimendua. Dagoeneko, Uribe Kostako herri nagusi ia guztietan auzokideekin batu eta herri bilguneak osatu ditu, euskal preso politikoen aurkako salbuespen neurriak indargabetu, EPPKko kideak Euskal Herrira ekarri, iheslarien aurkako jazarpena amaitu eta gatibu eta errefuxiatu guztiak etxeratzeko asmoz. Orain arte, baina, Berangon ez du izan ordezkaritzarik. Eta gabezi hori apirilaren 19an, ostirala, konpontzeko asmoa dute. Herrirak zabaldu duenez, "ikuspegi, iritzi eta ideia politiko ezberdinetako jendea bildu nahi" du Berangon "eragile berria" denak. Hilaren 19ko ekimenez, bere burua aurkezteaz gain, "bertaratuen kezkak argitu eta ideiak edo iradokizunak jaso nahi" dituzte. "Modu batean edo bestean, preso eta iheslari politikoen inguruko dinamiketan parte hartu nahi duen" berangoztar "orori" egin diote hurbiltzeko gonbitea. Aurkezpena Berangoeta kultur etxean izango da, arratsaldeko 7:30ean. Argazkian, Jagoba Terrones, Berangoko preso politikoetako bat, atxilotu zuteneko gauean senideak agurtzen.