Asteazken honetan, apirilak 10, Itzubaltzeta / Romo herrian "auzoetara joateko dinamika berria" den Auzoka ekimenari ekingo dio
Getxoko EH Bilduk. Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna, Sortu eta hainbat independente batzen dituen koalizioak zabaldu duenez, "sarritan zinegotziak herritik urrun dauden kargu instituzional modura ikusten ditugu. Herriaren arazoetatik urrun. Ez da hori EH Bilduk bilatzen duen harremana. Guk nahi ditugun zinegotziak herritik eta langileriatik gertu, herriak eta langileek ezagutuak, herri eta langileen arazoen ezagun, herri eta langileriaren zerbitzurako nahi ditugu". Horri "ekarpena egin gurean" Auzoka dinamika hori iragarri dute. Ekimenaren funtsa honakoa da: aurrez aurre, auzokideak eta zinegotziak, auzo bakoitzerako programa, proposamenak, arazoak eta kritikak era zabal batean eztabaidatu ahal izatea.
Bilduk udalerrian eskuratu zituen lau zinegotzi eta auzotarren arteko Auzoka lehen asanblada Itzubaltzeta / Romon egingo dute hilaren 10ean, Lope de Vega kaleko kultur etxean, arratsaldeko 7:30ean. Bertan aurkeztuko dute Bilduren egitasmoa herrirako, bertako egoeraz edozein galdera, zalantza, proposamen edo kritika egin ahal izango zaiela zinegotziei, zuzenean. Maiatzean, beste herri eta auzoetara ere dinamika berbera bideratuko dute. Horretarako, laguntza eskatu dute. Argazkian, Bilduko lau zinegotziak Itzubaltzeta / Romon egindako agerraldi batean.