Joan den ostiralean bi hitzordu hartu zituen Algortako Telletxe plazak. Batetik, ostiralero bezala, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko kontzentrazioa egin zuten, iluntzeko zortzietan, ehun bat lagun inguruk, Xabier Lopez Peña galdakoztarraren eta Anjel Figueroa Fernandez algortarraren heriotzak gogoan. Errepide parean, ordu batzuk beranduago "ezezagunek" desagertaraziko zuten pankartak argiro erakusten zuen larunbateko Bilboko herri mobilizaziorako deia, "muturreko espetxe politikari" erantzuna eman eta Espainiako zein Frantziako Gobernuei "salbuezpen neurriak eten" ditzatela exijitzeko asmoz. Ordu erdi beranduago, berriz, "GALen mertzenarioek" orain 28 urte eraildako
Xabier Galdeano Arana "Egin" egunkariaren sortzaile, administrazio kontseiluko kide eta kazetaria gogoratu zuten, Algorta-Getxoko Ezker Abertzaleak antolatutako ekitaldian. Omenaldian zehar, bertsoak, aurreskua eta lore sorta eskaintza egin zituzten Galdeanoren alabak ere bertan zirela. Ondoren, algortarraren bizitza eta ibilbideari errepasoa egin zioten bi hizlarik, baita haren erailketa salatu ere; ekitaldia "Eusko Gudariak" abestuz amaitu aurretik. GALek 1985eko martxoaren 30ean hil zuen, tiroz, Galdeano, Donibane Lohitzuneko Urdazuri auzoan, bere etxetik gertu, egunkarira manifestazio bati buruzko kronika eta argazkiak bidaltzera zihoala.