Milaka lagunek Bilboko kaleak hartu zituzten larunbatean, Herrira mugimenduak deitutako mobilizazioan, euskal preso politikoei Espainiako zein Frantziako estatuek ezartzen dizkieten “salbuespen neurrien” amaiera eskatu eta Xabier Lopez Peña galdakoztarraren eta Anjel Figueroa Fernandez algortarraren heriotzak salatzeko; baita hainbat espetxetan presoek jasandako jipoiak eta senideek izandako istripuak ere. Udaletxera heltzean Fran Balda eta Marian Meaza Herrirako kideek hartu zuten hitza. Salatu zutenez, urtarrilaren 12ko manifestazioan presoen eskubideen alde agertutako lagun oldeari “entzungor” egin eta "giza eskubideak urratzen" jarraitu dute estatuek, azken asteotako gertakariek agerian utzi dutenez. Gertakariok “ezin dira berriz errepikatu”, adierazi zutenez. “Ankerkeriaren politikaren aurrean gaude, mendekuarena, giza eskubideen urraketarena, sufrimenduaren doktrina da, euskal jendartea zigortu eta bakearen eta konponbidearen bidea oztopatzea bilatzen duena”, gaitzetsi zuten. Horregatik, Herrirak mezu argia helarazi nahi izan zien estatuei, giza eskubideak errespetatu, espetxe politika aldatu eta konponbidearen eta bakearen alde “apostu irmoa” egin dezaten. Halaber, espetxe politika aldatzeko presioa areagotzera deitu zuten jendartea eta ildo horretan maiatzaren 18an Euskal Herriko 200 herritan egingo diren mobilizazioetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu zuten. Argazkia: © Herrira mugimendua.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!