Hurrengo udal batzarrera begira, Algortako Aiboa (Getxo II) institutua zenaren eraikina gazteentzako aterpetxe bilakatzea proposatu du
Getxoko PSE-EEk, mozio bidez. Luis Almansa tokiko sozialisten buruak azaldu duenez, "ikasleak izan ala ez, udalerrian turismoa edo kirola egin nahi duten neska-mutilentzako eskaintza erakargarria osatzea" litzateke helburua, "diru gehiago dutenei zuzenduta dauden hoteletara jo behar izan gabe". Besteak beste, ohea, toallen alokairua, jatorduak eta garbitegi zerbitzua eskainiko lieke ostatuak gazteei. Almansak zehaztu duenez, "Getxo horrelako establezimenduen sarean sartzea ahalbidetuko luke aterpetxe horrek. Urtero bisita ugari jasotzen dituzte horiek eta mundu osoko neska-mutilekin harremanak egiteko aukera ematen dute". Argazkian, Luis Almansa Getxoko PSE-EEren bozeramailea.