Antón de Madariaga Zobaran martxoaren 28an hil zen Plentzian, 92 urte zituela. Hain zuzen ere, joan den asteartean eman zioten azken agurra Maria Magdalena Donearen elizan, besteak beste, Josu Jon Imaz San Miguel EAJren presidente ohia eta 2008ko uztailetik Petronor enpresaren burua bertan zela. Gorlizen jaioa, euskaldun zaharra, Ekonomiaz Deustun eta Zuzenbideaz Valladoliden ikasia zen Madariaga. Bilboko Banketxean, Iberdueron eta Bizkaiko Labe Garaietan lan egin ostean, Petronorren bultzagilea izan zen eta bertako zuzendari nagusi lehenik, kontseilari gero eta lehendakariorde, azkenik. Bilboko Merkataritza Ganberaren lehendakari izatera ere heldu zen. Horretaz gain, lau urtez Plentziako alkate (EAJ) izan zen 90eko hamarkadaren bukaeran. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Anton de Madariaga, Rafael Ossa-Echaburu, Henrike Knörr eta Leizaola "lehendakari zaharra", Muñatonesen (1983) / © Petronor.