Sekeko gaztetxeak larunbat honetan, apirilak 13, ospatuko du hirugarren urteurrena. Gauzak horrela, egun horretarako, ekitaldi ugari antolatu ditu udaletxeko plazan zein errota zaharrean
Gazte Asanblada Sopeloztarrak (GAS). Horrekin batera, egun horretan herriko ostalaritza lokalak ixteko ordua bi orduz luzatzea erabaki du
Sopelako Udalak. Gauzak horrela, goizaldeko 2:30ean pertsianak jaitsi beharrean, 4:30ean ixteko baimena izango dute tabernek. Klub, disko-taberna, karaoke, pub edo antzeko establezimenduek, berriz, goizeko 6:30ak arte zabalik egoteko aukera izango dute. Aipatu erabakia martxoaren 13ko 36/2012 Dekretuan oinarrituta dago (bigarrenez abenduaren 16ko 296/1997 Dekretua aldatzen duena), jendaurreko ikuskizun eta jolas jardueren ordutegiei buruzkoa, udal iturriek adierazi dutenez. Aipatu dekretu horretan zehazten den legez, Udalek jaialdi izaera duten antzeko gertakarietan ostalaritza lokalen ixteko ordutegia luzatzeko eskumena dute. "Luzapen honek hirugarrenei eragozpenik eragiten ez dielakoan, eta osasun publikoari edo herritarren segurtasunari loturiko arazorik sortzen ez dielakoan onartzen da", gaineratu dutenez. Argazkian, lehenengo urteurreneko irudi bat / © Gazte Asanblada Sopeloztarra.