Juan Kalparsoro Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiak Euskadi Irratian esan duenez, pare bat astetan hartuko du Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaile algortarraren auziari buruzko erabakia, baina litekeena auzia artxibatzea dela aurreratu du. "Oso zaila da aurrera ateratzea, legebiltzarkidea da eta Estatutuaren arabera pribilegioa du; hori oztopo garrantzitsua da", azaldu du magistratuak, legebiltzarkideen bortxaezintasuna aipatuz.
Kalparsorok ikerketa abiatu zuen joan den martxoaren 21ean Mintegiren aurka, aurreko astean Eusko Legebiltzarrean egindako saioan terrorismoa goratu ote zuen argitzeko. Saio horretan, Fernando Buesa sozialistaren hilketak "jatorri politikoa" zuela eta "elkarrizketaren bidez saihestea posible" zela esan zuen koalizio abertzalearen bozeramaileak. Argazkian, Laura Mintegi Algortako Getxo I institutuan bozkatzen, 2012ko urriaren 21eko Eusko Legebiltzarreko hauteskunde egunean.