"Zenbait udaltzainen jazarpena" salatu du Sopelako Sortuk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko api. 9a, 18:47

"Udaltzain batzuek" azken hilabete hauetan daramaten "ibilbide errepresiboa" salatu du Sopelako Sortuk. Kaleetan jarritako kartelen bitartez, aipatu poliziak "aurreko legealditik dakartzaten lan baldintza pribilegiatu batzuk mantendu nahian herritarrak isun masiboekin erasotzen ari direla" kritikatu du alderdi abertzaleak. Horretaz gain, bai gazte mugimendua zein herritar mugimenduaren aurkako "jazarpena" areagotu dutela informatu dute Sortukoek. Adibide bezala jarri dutenez, abuztuan preso politikoen eskubideen alde panel bat margozten ari ziren lagun batzuk identifikatu zituzten. Azkeneko egoera, berriz, martxoaren 14an gertatu ei zen: "egun horretan Anjel Figueroa preso gaixoa hil zen eta gertaera larri hori salatzeko pantarka ipintzen ari ziren auzokide batzuen aurka udaltzain bikote bat aritu zen", salatu dutenez. Testu inguru horretan, Sopelako Sortuk "Udaltzaingo herritarraren" aldeko aldarrikapena egin du, "inolako jazarpen polizialik ez" duela onartuko iragarriz. Bitartean, Sopela.net agerkari digitalak Udalean dagoen ELAren atal sindikalak piztu duen lan gatazkaren baitan kokatu du "polizia batzuek urrats errepresibo hauek guztiak martxan ipini izana". "Bilduk argi utzi du ez duela inolako eskubiderik murriztu eta PPk inposatutako neurriei izkin egin dizkiela. Hala eta guztiz ere ELAko delegatuek kanpaina bati ekin diote. Bilduk Sopelako EAJ eta ELAren arteko harreman eztuak gogor salatu ditu. Horrekin batera, Bilduk argi utzi du azken 30 urte hauetan EAJk eta ELAk jarritako izkutuko eta gehiegizko lan baldintza insolidario batzuk ezin dituela onartu", azaldu du hedabideak. Argazkian, Sopelako Udaltzaingoaren patruila autoa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun