Beste ekintza garrantzitsu bat, ingurumenaren errespetuaren ildoan egindakoa, argiztapen-sistema aldatzea izan da. Hain zuzen ere, LED argiak jarri ditu Udalak, "ingurumenari dagokionez inpaktu txikiagokoak eta kontsumo gutxiagokoak direlako". "Beraz, aipatutako puntuak kontuan hartuta, Kareabiko auzotarrek hobera egingo dute bizi-kalitatearen arloan, eta, gainera, euren auzoko eta etxe ondoko aisialdi-espazioa nabarmen hobetu da", aipatu dute agintari urduliztarrek. Izan ere, lan horiei esker, Kareabik oinezkoentzako gune zabala dauka orain, eta plazatxo moduko bat sortu da Elortzako eskolen atzealdeko urbanizazioen artean, bertan egin baitira udal lanak. Leku horretan, bankuak (Urdulizko armarriarekin identifikatutakoak) eta zakarrontziak jarri dira. Gainera, auzotarren eskaerei erantzunez, bizikletak aparkatzeko gunea ere jarri da, eta, une honetan, udal jardun horri amaiera emateko, iturri bat instalatzen ari dira, hori ere eskatu baitzuten bertan bizi direnek. "Beraz, lanoi esker, auzoa leku ezin hobea izango da familiartean egoteko, jolasteko, jesartzeko eta abarrerako", diotenez. Era berean, inguru horretan bertan, zenbait lorategi jarri dira, eta, beraz, berdeguneak ere sortu dira.
Gainera, inguruaren antolamenduak aukera eman du 5 lekuko aparkaleku txiki bat sortzeko (lekuetako bat pertsona minusbaliatuen ibilgailuentzat egongo da erreserbatuta).
Auzotarren kolaborazioa
Kareabiko bizilagunak "agente aktiboak" izan dira Urdulizko leku hau berritzeko prozesuan, Udaletik azpimarratu dutenez. Proiektua diseinatzeko eta betearazteko orduan, tokiko erakundeak "oso kontuan" hartu ditu euren iritzi eta iradokizunak; izan ere, Udalaren eta inguru horretako bizilagunen arteko komunikazio onari esker, lanak egin ahala hobekuntzak ere egin ahal izan dira bertan. Esate baterako, orain instalatzen ari den iturriaren adibidea jar daiteke: inguru horretan ez zegoen iturririk orain arte, baina auzotarrek eskatu egin zuten, eta Udalak jarri egingo du. "Beraz, beste behin ere herritarrek udal esparruan parte hartu dute, izan ere Udal Gobernuko taldea etengabe ari da partaidetza-eredu hori sustatzen eta ahalbidetzen. Horretarako, bilerak eta kontaktuak egiten ditu urduliztarrekin, auzoka, kolektiboka, sektoreka eta abar", amaitu dutenez.