Espainiar Estatuaren jarrera inmobilistaren aurrean, Urkullu jauna morrontza lanetan dabil. Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoaren konponbidearen baitan urratsak eman ordez, errepresioaren, bortizkeriaren eta sufrimenduaren aldeko hautua egin dute, bai Rajoyk, baina baita Urkulluk ere. Bakeaz mintzo dira, baina Boulevardean babesa adierazi asmoz bildutako gazteen aurka kolpeka sartzen dira. Ze bake klase da hori?! Azal dezala Rajoyk zertan oinarritzen den bere bakea. Azal dezala Urkulluk: hau al da zure herriari opa diozun bakea? Bermatu asmo diozun bakea? Zu zara zakurren katea manejatzen duena!
Ekaitz de Ibero eta Auzitegi Faxistak zigortutako gazteak proiektu politiko jakin baten alde lan politikoa egiteagatik zigortuak izan dira. Euskal Herria maite eta haren alde antolatzeagatik. Egun milaka gaztek egiten dugun moduan, Euskal Estatu Sozialista eta Feminista eraikitzen aritzeagatik. Finean, gure indar eta determinazioari beldur diotelako. Guztiok baikara Donostiako auzipetuak, guztion Ekaitz eta guztiok espainiar zein frantziar estatuen amets gaiztoa. Euskal gazteri guztiaren aurkako erasoa da, erantzun dezagun guztiok beraz!
Ernai gazte antolakundea