Bihar, osteguna, BBKren asanblada izango dela aprobetxatuta, Mario Fernandez Kutxabank-en presidenteari ez ezik, Imanol Landa Getxoko alkateari ere "escrache"-a egingo dio Kaleratzeak Stop Bizkaia plataformak. Udal agintari getxoztarra banketxeko Bilboko Kale Nagusiko egoitzan izango da. Hartara, protestarako ordua 15:00etan jarri dute. "Osoko bilkuran horren aldeko mozioa onartu zen arren, Getxo udalerrian lokal bat utzi ez izana" aurpegiratuko diote Kaleratzeak Stop Bizkaia plataformako kideek Landari. Marta Uriarte aipatu taldeko bozeramaileak azaldu duenez, Itzubaltzeta / Romoko Gazte Asanbladarekin hitzartuta zeukaten jada Udalak azken kolektibo horri lagatako etxe merkean etxegabetzeen aurkako bulegoa jartzea. "Joan den ostiralean, baina, ez zela posible esan ziguten gaztetxekoek, Udalak trabak jartzen ari zelako", adierazi du Uriartek. Ostiral honetan, hilak 12, zabaldu behar zuen bulegoa Itzubaltzetako Etxe Merkean Kaleratzeak Stop Bizkaia plataformak. Argazkian, Marta Uriarte Kaleratzeak Stop Bizkaia plataformako bozeramailea, artxiboko irudian.