Elena Montaña mezzosopranoa Madrilen eta Suitzan trebatu zen eta arreta berezia eskaintzen dio egungo musikari bere errepertorioan. Egun sarritan aritzen da elkarlanean Pilar Rius gitarra-jotzailearekin eta, horrezaz gain, irakasle jarduten da Tres Cantosko udal musika eskolan eta Avellanedako musika irakaskuntza zentroan. Riusi dagokionez, Madrilgo eta Alemaniako kontserbatorioetan ikasi zuen eta bakarlari gisa aritu da Espainian barrena zein kanpoan. RNE, Telemadrid eta Onda Madrid hedabideetarako grabaketak egin ditu. Musika jardueraz gain, irakasle eta ikerlari lanak egiten ditu Madrileko Katarina Gurska goi-mailako irakaskuntza zentroan. Arretan, bikoteak honako musikagile hauen piezak eskainiko dituzte: Matilde Salvador, Consuelo Diez, Diana Perez Custodio, Mercedes Zavala, Marisa Manchado eta Cruz Lopez de Rego.
Emakumeak Musikan elkartea
Igandean, apirilak 14, 12:30etik aurrera Musikeneko ikasle talde batek pianorako, ahots eta pianorako, piano eta akordeoirako eta haize instrumentuen boskoterako pieza sorta bat interpretatuko du. Besteak beste, Fanny Mendelssohn, Maria Luisa Ozaita, Sofia Gubaidulina, Alba Sanchez, Akemi Naito, Annea Lockwood, Ruth Crawford eta Marion Bauer musikagileen obrak joko dituzte.
Emakumeak Musikan elkarteak errezitaldiak eta hitzaldiak eskaintzen ditu historiako zenbait garaitako emakumeen musika ezagutzera emateko. Horrezaz gain, emakumez osatutako iraganeko eta gaurko musika ikertu eta katalogatzen du, besteak beste.