Bizkaiko Medicus Mundi elkarteak "Nire gorputza, nire sexualitatea" bertso-paper lehiaketa burutu du Getxo udalerrian;
Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) eta
Egizu Getxo Euskaldun! elkarteak lagunduta zein Udalaren babesaz. Aipatu ekimenak Euskal Herrian zein Hegoaldeko herrialdetan emakumeek gorputzaren eta sexualitatearen inguruan askatasunez erabakitzeko duten eskubidearekiko errespetua aldarrikatzea du helburu. Bertsoak martxoaren 17ra aurkezteko aukera egon da. Bada, lehiaketari amaiera emateko, bihar, ostirala, bertso-afaria egingo dute Algortako San Nikolas ikastolan. Sorpresaz beteriko ekitaldian, sari-banaketa egingo dute eta Oihana Bartra zein Ekaitza Larrazabal “Katxo” bertsolariek abestuko dute. Horrenbestez, gelditzen diren bertso-afarirako txartel apurrak 4 eurotan salgai daude
Getxo udalerriko euskaltegietan zein ALBEko kideei eskatuta. Argazkian, Oihana Bartra bertsolaria Zornotzan burututako
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako kanporaketan / cc-by-nc-nd Bizkaiko Bertsozale Elkartea - UKBERRI.NET.