Aukerarik banu egoera hartara itzultzeko, ordea, sotilki, neure buruari entsalada gehiago zerbitzatu bitartean, erantzungo nioke alemanez dakien nafar asko ezagutzen dudala, baina denek badakitela euskaraz ere. “Izan ere, euskara lagungarri da alemana ikasteko: aditzaren kokapena edo kasu-markak, besteak beste, antzekoak dira ele bietan” erantsiko nuke azken letxuga orria platerera ekarri baino lehen. Eta alemanaren ordez frantsesa aipatu izan balu, ihardetsiko nion: “Molièreren hizkuntzan ‘laurogeita bi’ (4, 20 eta bi) quatre-vingt-deux (4, 20, 2) esaten dute, euskaraz bezalaxe”, eta ingelesa mahairatu izan balu, “Shakespeareren eleak ez du gramatika-generorik, euskarak legetxe”, edo “ingelesez ‘sh’ eta euskaraz ‘x’ soinu bera dira”. Askotan esan izan dut hizkuntzak bizikletak bezalakoak direla: erabili ezean, herdoildu egiten dira, lepo gaineko ganbaran gordeta, edo osasungarria da tarteka-tarteka kalera ateratzea… baina hiztun batzuen iritzirako denak ez dira txirrinduak. Seguru nago ama haren begietara gaztelania bizikleta ederra dela; alemana, urrun iristeko motorra; eta euskara, trizikloa… baina ama on orok badaki trizikloan ibiltzen ikasten duen umea gerora aiseago ibiliko dela bizikletan edo motorrean, euskaraz jakitea alemana, frantsesa edo munduko beste edozein hizkuntza ikasteko lagungarri den moduan.
Xabi Paya Ruiz bertsolari eta itzultzaile algortarrak apirileko "Aizu!" aldizkarian argitaratutako artikulua