2010eko irailean Mankomunitateak krisi-garaia zela eta hartu zuen autoa partekatzeko plataformako kidea izateko erabakia.
2010eko irailaren 23an Uribe Kostako Mankomunitateak autoa partekatzeko zerbitzuari buruz kaleratutako oharra
Uribe Kostan, krisi garaian, autoa partekatzea
Denok dakigunez, krisi-garaian gaude eta gastuak murrizteko unea heldu da. Gastuak murrizteko era asko aurki ditzakegu ia eremu guztietan: elektrizitatean, gasean, erosketako otzaran, autorako erregaian...
Administrazio publikoak energia aurrezteko neurriak hartzen ari badira ere, kontsumoa oraindik neurriz kanpokoa da. Bitxia da: ohitura eta jokabide batzuk aldatzen baditugu, dirua aurrezteaz gain, ingurumena zaintzen lagunduko dugu. Autoa partekatzea bide egokia izan liteke dirua eta energia aurrezteko eta CO2ko isurketak murrizteko.
Uribe Kostako web-orri baten bidez (http://uribekosta.compartir.org), autoa partekatzeko aukera eskaintzen da, 2009tik. Orrialde horrek bide ematen du ibilgailua duten eta leku librea partekatu nahi duten pertsonak topatzeko edo eta ibilgailurik izan gabe ere joan-etorriak egin behar dituzten eta leku libre horiek betetzeko prest leudekeen pertsonak aurkitzeko. Inprimaki erraz bat beteta eta bilaketa-lehentasunak zehaztuta, oso erraz aurkituko duzu lagunen bat, bidaia zurekin partekatu ahal izango duena. Eta hori bai lanera joateko, bai unibertsitatera joateko, bai beste edozein lekutara joateko.
Zerbitzu hau erabiliz, Uribe Kostako udalak esparru publikoaren erabilera hobetzen saiatzen ari dira, kale-bideetan dauden autoen kopurua murriztuz. Azken batean, garraio pribatuaren erabilera arrazoizkoa sustatu nahi da.
Uribe Kostako Autoa Partekatu zerbitzuaren erabiltzaileen kopurua handituz doa urtez urte, eta partekatutako bidaiena ere bai. Azken urtean, 30 erabiltzaile gehiago daude, eta horietatik %56,67 emakumezkoak dira eta %43,33 gizonezkoak. 2009an zehar iragarri diren bidaien kopuru osoa 19koa izan da, eta horietatik %21ek bidaia egin dute; batez bestean 6 bidaia egin da egunean. Horrek esan nahi du, bada, kale-bideetan ez dauden autoez gain, ibilgailuen okupazioaren batez bestekoa 2,91koa izan dela. Autoa partekatu duten erabiltzaile guztien artean 6.430€tik gora aurreztu dute azken urtean.
Ingurumena gehien kutsatzen dutenak autoak dira, baina, autoa partekatuz gero, CO2 isurketak murritz ditzakegu. Azken urtean, Uribe Kostan, autoa partekatuz, CO2 isurketak murriztu dira; hain zuzen ere, 2,5 tona CO2 gutxiago isuri ziren. Gainera, murriztu diren beste kostu batzuk ere gehitu beharko genituzke. Kostu kontabilizagaitzagoak dira horiek, adibidez, kutsadura akustikotik, istripu-tasatik eta abarretatik eratorritako kostuak.