Gorlizko batzokian pintadak agertu dira gaur goizean: hurrenez hurren, "Hau al da zuen bakea?", "PNV lotu zure txakurrak" eta "Euska (sic) gazteria aurrera" irakur zitezkeen. Gorlizko EAJk pintada horiek salatu ditu eta "bide politiko eta demokratikoak alderdi politiko baten egoitzari egindako erasoak nola uztar ote daitezkeen" galdetu du. "Politika eta demokrazian denak ez du balio" azpimarratu dute jeltzaleek. Gaineratu dutenez, halako jarduerek "ez dute Euskadin denbora berrian aurrera egiten laguntzen". "Uste genuen halako portaerak iraganeko gauzak zirela: Elkarbizitza denon artean eraikitzeko, bakean eta elkar errespetatuta bizitzeko, herriak politikan eta demokrazian konfiantza izatea nahi badugu, behin betiko utzi eta baztertu behar dira betiko bortxakeriaren hazia eta hori islatzen duten pentsamendu eta jarrerak", esan dute. Amaitzeko,
Eusko Alderdi Jeltzaleak "gure herriaren normaltasuna boikotatu nahi dutenei" eskatu die "jarduera horiekin behin betiko amaitzea, konponbideak ekarri baino, euskal gizartearen gehiengoak amesten duen normaltasuna oztopatu egiten dutelako". Argazkia: © EAJ.