Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak deituta Euskaraz Bizi Eguna ospatuko dute bihar, apirilak 13, Agoitzen (Nafarroa Garaia). Goizeko 10:30ean hasiko da egitaraua txupinazo eta kale animazioarekin. Egunean zehar Agoitz koloreztatuko duten ekimenak asko eta askotarikoak izango dira: erraldoien topaketa, buruhandiak, gaiteroak, trikitilariak, burrunba, dantzariak, txistulariak, txaranga, herri kirol erakustaldia, azoka, haurrentzako tailerrak eta puzgarriak, Txan magoa, erakusketa, dantzaldia Tximeleta taldearekin, kontzertuak Kezkak eta Leihotikan taldeekin... Horien artean azpimarratzekoak dira 14:30ean egingo duten ehunka lagunentzako bazkari herrikoia, 18:00etan "Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!" lelopean Agoizko kaleak zeharkatuko dituen kalejira aldarrikatzaile jendetsua eta honen ondoko ekitaldi nagusia, 18:45 aldera, Baxe Nafarroa plazan. Argazkian, EHEk deituta, milaka lagunek parte hartu zuten 2012ko martxoaren 17an Donostian ospatutako Euskaraz Bizi Egunean / © Euskal Herrian Euskaraz.