Niko Moreno Sortuko kideak PPri leporatu zion giroa berotu eta atxiloketa interes politikoengatik burutu izana, "Sorturen eta ezker abertzalearen ilegalizazioa" helburu. Era berean, alderdikideak pairatutako "errepresioa" salatu zuen. Horren testu-ingurua Estatu espainolak eta "PPk mantentzen duen blokeo egoera" dela, azaldu zuen Morenok. Popularrek "errepresioaren bidez aurrera segitzea" bilatzen dutela iritzi zion. "Horrelako praktikak behingoz utzi" eta "herri honek behin eta berriro eskatzen ari den konponbiderako bidea" har dezala eskatu zion Alderdi Popularrari. Izan ere, bere ustez "konponbidea ez dator inoiz errepresiotik eta atxiloketetatik, konponbidea badator eta etorriko da guztion arteko elkarrizketatik".
"Bahiketa"
Bere aldetik, Iker Jalon Erandioko Bilduren zinegotzia atxikimendua agertu zien Rodrigori eta bere senideei eta dagoeneko bere abokatuarekin izateko aukera izan duela azaldu zuen. Salatu zuenez, atzokoa Iñigo Cabacas eta Santi Brouard-en hilketen inguruan berba egiteko eguna zen, baina horretarako astirik ez, Rodrigoren "atxiloketa politikoa" dela medio. "Bahiketa" horrek helburu "garbia" duela iritzi zion: "Sorturen lana kriminalizatu eta, bide batez, ilegalizazioaren mehatxurekin gure lana baldintzatzea". Are gehiago, Jalonen ustez "Martxan dagoen prozesuari trabak jarri eta blokeo egoera iraunkorra bihurtu nahi dute Madrilgo agintari putreek, etxean ezagunak ditugun haien kolaboratzaile leialen laguntzaz".
Rodrigoren atxiloketa bezalakoekin Euskal Herria "mina eta gorrotora" zigortu nahi dutela adierazi zuen zinegotzi erandioztarrak. "Baina ez diegu utziko" irmo agertu zen. "Gaur omenaldi bat, bihar adierazpen batzuk eta hurrengoan argazki bat izan daiteke bilatzen duten aitzakia, baina oinarrian ezker abertzaleak sustatutako ekimenari dioten beldurra dago, Euskal Herrian benetako demokrazia eta bakerik ez dute nahi" ziurtatu zuen Jalonek. Horren aurrean, "Euskal Herri aske, feminista eta sozialista" eraikitzen jarraitzera deitu zuen, tartean erasoen aurrean "herri osoa" izango dutela.
Atxiloketa Txopoetan
Iker Rodrigo Basterretxea Sortuko Bizkaiko Herrialde Kontseiluko koordinatzaile ordea atzo goizean atxilotu zuen Guardia Zibilak. Albiste-agentziek Espainiako Auzitegi Nazionalera, Madrilera, eramango zutela iragarri bazuten ere, lutxanarra Bilboko La Salve kasernara eraman zuten, senideek UKBERRI.NETi azaldu ziotenez. Rodrigori ez zioten komunikazio murrizkeztarik ezarri eta abokatua eskatu zuen. Halere, Guardia Zibilaren aurrean deklaratzera nahi ez zuenez hasiera batean abokatua ikustea uko egin zioten Rodrigori. Beranduago, baina, Jone Goirizelaiak ikusi ahal izan zuen Erandioko Bilduk zabaldu duenez.
Guardia Zibilak Txopoetan atxilotu zuen Rodrigo, beren beregi berarentzat jarritako kontrol batean. Atxiloketa goizeko 8:45ak aldera egin zuten, aitaren aurrean, kontrola bere etxe azpian izan zela. Halere, Iker Rodrigo Itzubaltzeta / Romoko bere etxetik auto batek jarraitu zuela azaldu dute. Barne Ministerioak kaleratutako oharraren arabera, Xabier Lopez Peñaren hilotzari Sondikan eta Galdakaon eginiko harrerak antolatu zituelakoan, "terrorismoa goratzea" leporatu zioten.
Iker Rodrigoren atxiloketa
Rodrigoren aldeko martxa