Iker Rodrigo Bizkaiko Sorturen koordinatzaileordea kalean dago dagoeneko. Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. epaitegiko magistratuak bi orduz galdekatu ostean aske utzi du, fidantzarik gabe.
Erandioztarra atzo atxilotzeko agindu zuen Velascok. Halere, Lutxanako politikariak hilero epaitegira joan beharko du sinatzera eta pasaportea erretiratu diote, Estatu espainoleko muga zeharkatzeko debekua ezarrita. Gauzak horrela, Xabier Lopez Peña euskal presoa zenaren harreragatik abiatutako ikerketan inputatuta jarraituko du Iker Rodrigo, "terrorismoa goratzea" leporatuta. Hasier Arraiz Sortuko presidenteak gatazkaren konponbidea oztopatu nahi dutenekin lotu du Rodrigoren atxiloketa, gaur goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Arratsaldean, 20:00etan Itzubaltzeta / Romo eta Areeta artean dagoen Xake plazan egingo diote harrera Rodrigori. Itzubaltzetan bizi da mutila. Argazkian, Iker Rodrigo Basterretxea artxiboko irudian.