Udan emango diote amaiera proiektuari: "Denboraldia amaitu arte programen emisioa mantenduko duzuelakoan gaude. Aste Nagusian Zaratas konpartsa eta txosna berriro elkar ikusteko, agurraren festa egiteko eta, nola ez! azken balantze ekonomikoa ondo ixteko topagunea izango dira".
Mikel Estarronari ARGIArako egindako elkarrizketan, irrati komunitarioen beharra azpimarratu zuen: "Irratiak duen zerbitzu eta funtzio publikoaz ari bagara, irrati komertzialen helburu nagusia negozioa egitea da, errentagarritasuna; irrati publikoen xedea bai izan beharko luke zerbitzu publikoa, baina ikusten dugu une bakoitzean boterean dagoenaren interesen menpe daudela; eta hortaz, misio hori bete dezakeen sektorea komunitarioa da: ez du irabazi asmorik eta herritarren parte-hartze askea sustatzen du, komunikazioa eskubide unibertsala delako eta herritarra ez delako hartzaile edo kontsumitzaile hutsa".
Diala erregularizatu beharraz ere mintzatu zitzaigun: "Nire ustez, diala bere kabuz erregularizatu dadin utziko dute, eta hori arazoa da, oihanaren lege bilakatuko baita: indartsuenak biziraungo du eta ahulena desagertu egingo da. Denak ez gara sartzen, Bilboaldean esaterako saturatuta dago diala, batzuek besteak oztopatzen dituzte, eta azkenean indartsuenak ahulena zapalduko du, potentzia handiagoko frekuentzia jarriz adibidez".
[cc-by-sa