Larunbat honetan, hilak 20, txinga erute desafio mundiala burutuko dute Sopelako Udaletxe plazan. Toki iturriek aurreratu dutenez, ekitaldia 18:00etan abiatuko da, ETBko kameren zaintzapean. Getxo herri kirol taldeak antolatuta, desafioan profesional bi arituko dira, Euskal Herriko markarik onena lortzeko asmoz. Parte hartzaile biak, beraz, punta-puntakoak izango dira. Alde batetik, Juan Joxe Agirregabiria debatarra izango da, Euskal Herriko azken urteetako txapelduna eta Euskal Herriko markarik onena duena. Beste aldetik, Oskar Perez Estefania (Basatxukoa, Barakaldo), azken urte bietan Euskal Herriko gurdi txapelketen eta Euskal Herriko gizon proben txapelduna dena. Biek esku bakoitzean 25 kiloko txingak eramango dituzte, 100 untze-plaza egiteko asmoz. Biek 100 untze egingo balituzte, jarraituko dute, ea nork plaza gehien egiten dituen. Irabazleak, gainera, Euskal Herriko markarik onena ezarriko du. Frogaren iraupena ordu batetik gora izango denez, tartean beste bi froga-erakustaldi egingo dira: lasto-altxatze froga bat eta trontzarekin nesken eta mutilen arteko desafio bat. Argazkian, larunbateko protagonistak / © Humberto Bilbao.