Rodrigok bere ezker ona agertu die bertaratutakoei zein atxiloketan zehar bere senideei eta gertukoei berotasuna helarazi dieten guztiei. Era berean, "besarkada bero bat" bidali die "hemendik momentu honetan Donostian, Aske Gunean, espetxeratze zain dauden zortzi gazteei". Ez da bakarra izan, halere, gazte donostiarrak aipatzen. Itzubaltzeta / Romo eta Areetako Sortuko ordezkariek gogor kritikatu dute bai Auzitegi Gorenak egindako sententzia, "lan politiko egiteagatik" gazteak "sei urtera espetxeratuko dituztelako" eta baita EAJk egoera politiko berriari "egin nahi dion ekarpena, aurreko astean ikusi genuela zelan sartu ziren Aske Gunean, biolentzia ikaragarria erabiliz". Tokiko Sorturen ustez EAJren joera da "kezkagarriena", Estatu espainiarrak gatazkaren konponbidea boikoteatzeko egingo ei dituen saiakeren aurrean EAJk "espainolen morroi" agertuko omen duelako. Hirugarren "eraso larri" bat gogoratu dute, Lopez Peña eta Angel Figueroaren heriotzak, "espetxe politika krudelaren ondorio izan direnak". "Herri honetan ezagutu dugun ukazioa, zapalketa eta errepresioaren" estrategia "orokor" horren pean kokatu dute Iker Rodrigoren atxiloketa, "Estatu espainolak daukan krisi estrukturala" zein "PPren Gobernuak dituen eskandalu guztiak ezkutatze aldera" baliagarria ei dena. Gainera, "azken asteetan Sortu eta EH BIlduren ilegalizazioen inguruan aritu" izanaren ondorioa ere bada Rodrigoren harrapaketa, "ezker abertzalearen ekinbide politikoa oztopatzeko edo neutralizatzeko".
Testu-inguru horretan, Sortuk, berretsi du "Zutik Euskal Herrian" abiatutako ibilbideari eutsiko diola eta dei egin du "auzoz auzo eta herriz herri Euskal Herriaren kontrako eraso guzti hauei erantzuteko, hori izango delako espainiar Estatua eta beste eragileak gatazkaren konponbiderako parametroetara eramateko" modua.
Gaurko martxaren argazkiak