Jon Rosales Palenzuela gazte algortarra 2012ko urtarrilaren 12an atera zen Alcala Mecotik, 10.000 euroko fidantza ordaindu ostean. Tartean, ia bi urte egin zituen espetxean, 2010eko otsailaren 17an atxilotu baitzuten Katalunian. "Jon basatiki torturatu egin zuten, salaketa jarri zuten, abokatuek ere jasandako torturak ikaragarriak zirela adierazi zuten, Madrileko epaitegian ere berretsi egin zuen tortura salaketa… baina orain arte tribunalek ez dute ezer egin tortura kasu honetan", salatu zuen bere garaian Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.
Rosales 2011ko irailaren 19tik 22ra ere epaitu egin zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean, Uribe Kostako beste hamar mutilekin batera, kale borroka taldea osatu eta 2004tik 2007ko uztailera bitarteko hamar ekintza inguru leporatuta. Egun Soriako espetxean daukaten Josu Rodriguez eta Mikel de Gregorio gazte algortarrak izan ezik, gainontzekoak absolbitu egin zituzten. Ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenak Degreri ezarritako lau urteko espetxe zigorra bertan behera utzi eta Nekorari, aldiz, lau urtetik hirura murriztu zion zigorra, haietatik bi hilabete eta bost egun bete zituen 2007an. Josu Rodriguez 2012ko ekainaren 30ean atxilotu zuten berriro.