Bizkaiko PPk tokian tokiko "terrorismoaren biktimen" aldeko omenaldia sustatuko du lurraldeko 23 udalerritan, "sufrimenduaren mapan agertu bai, baina oroimenaren mapan agertzen ez direlako". Horrekin batera, "estatutuen hitzetatik ekintzetara pasatzea" exijitu diete popularrek Bildu eta Sorturi. Bilboko Casilda Iturrizar parkean dagoen "terrorismoen biktimak" gogoratzeko monolitoan egin zuen ekimenaren aurkezpena atzo Nerea Llanos Bizkaiko PPren idazkari nagusi eta legebiltzarkideak. Azaldu zuenez, Eusko Legebiltzarrak 2008an onartutako Terrorismoaren Biktimen Legeari jarraiki, 23 udalerri horietatik zazpitan aurkeztuko du omenaldia proposatzeko mozioa Alderdi Popularrak; batik bat horietan baino ez daukatelako ordezkaririk. Horien artean dira Berango eta Sopela. Gainontzeko udalerrietan beste instituzioen bitartez, Bizkaiko Batzar Nagusiak kasu, bultzatuko dute ekimena. Argazkian, Berta Rodriguez Sopelako PPko zinegotzia.