Baina Ugarteko ez da eskuak odolez lohituak dauzkan bakarra: Rodolfo Aresek eta Felipe Varelak ere tamainako erantzukizuna dute, egia ezkutatzeagatik, gaia desitxuratzeagatik eta atentzioa desbideratzeagatik. Gertakarien tokian zen ertzainetako batek pilota batek zauritutako pertsona bat zegoela jakinarazi zuen, eta batak zein besteak eginiko hainbat agerralditan behin eta berriro ukatu zuten horrelakorik gertatu zenik. Dagokien erantzukizuna saihesten baino ez dute egin indar, Aresek auzia argitu aurretik Barne Saila utziz, eta Varela Sevillara aldatuz. Baina gazte errugabe baten odol orbanak ez dira berez desagertzen. Gau hartan gertaturikoaren erantzuleak dira, haiek gidatutako Barne Sailaren aginduz baitago hilik Iñigo Cabacas. Horrenbestez, egun dauzkaten karguetatik kentzeko exijitzen dugu.
Gau hartako operatiboan parte hartu zuten ertzainei dei egiten diegu planto egin dezaten, ez dezaten egin ezer gertatu izan ez balitz bezala. Pertsona bat hil zuten bertan ez zegoen poliziaburu baten aginduz! EAJren egungo Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu ez ditzan jarraitu aurreko Jaurlaritzaren pausoak. Eta Iñigo Urkullu lehendakariak berak hautes-kanpainan aipaturiko beste polizia eredu bat ezartzeko aukera balia dezala. Aurreko Jaurlaritzaren ildo lotsagarri eta arduragabeari segida emanez gero, erantzukizun maila berbera izango du hilketan.
Zer gehiago jakin behar dute? Zeren zain daude? Polizia eredua aldatzeko garaia da! Erantzukizunak norberaren gain hartzeko ordua da, erantzuleak nor diren argitzeko, justizia egiteko. Baita zaharkitua dagoen polizia eredua errotik aldatzeko ere. Jendartean horren beharrezkoa den polizia ereduari buruzko eztabaidari ekiteko unea da. Herri ekimenetik ozen esan nahi dugu: Xake polizia ereduari!
Iñigo Gogoan herri ekimenak atzo "Gara" egunkarian argitaratutako artikulua