"Arrio eta belio, izkutuan dagoenari begia urten dio!". Aurrekoa ez da oharkabean pasatzen den esaldi bat. Noizbait entzun duenari udako ekinozioaren gaua, San Juan bezpera, ekarriko zion burura, seguruenez. Leioako txosnak eta bertako auzokideak sorgin, azti, lamia, galtzagorri zein inkisidorez mozorrotutako irudiekin batera. Izan ere, Euskal Herri osoan udako ekinozioaren inguruko ospakizun paganoak mantendu dituen gaurik luzeen eta xelebreena. Gau hori, euskal mitologiako gordelekua bilakatu da Leioan, bertako Akelarre Batzordeak hamalau urtez egindako lanari esker. Mendibile gaztetxea zen hartan sortu eta urtez urte sorginak, lamiak, galtzagorriak eta hamaika pertsonai gehiago Leioako Txosna Batzordeak lehenengo eta Maritxu Teilagorrik geroago jarritako suaren inguruan dantzan aritu dira, era parte-hartzailean. Izan ere, Leioako eta inguruetako auzotarrak dira akelarrea antzezten eta dantzatzen dutenak, nahi duenak har dezakeela parte. Ibilbide horren inguruko dokumentala gaur aurkeztuko dute Leioako Kurkudi kultur elkartean, arratsaldeko 8etan. Irati Astobieta leioaztarrak eta Jone Ibarretxe itzubaltzetarrak ekoiztu dute filma, iazko akelarrean hartutako irudietan oinarrituz. Pasa den astelehenean egitekoa zen aurkezpena
Leioako Gazte Astearen barruan, baina
Iker Rodrigoren atxiloketa zela eta, atzeratu egin zuten. Dokumentalaren aurretik, horma-irudi gaztea egingo dute. Argazkian, akelarrearen entsegu bat Leioako txosnagunean.