Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiak iragarri du krisiari "erantzuna emateko dinamikan" dauden eragile sozial eta sindikalak Hego Euskal Herrian greba orokor bat deitzeko aukera aztertzen ari direla. "Data ezberdinak" kontuan hartzen ari direla esan du, tartean asteazken honetan hedabideetan agerturiko informazioetan aipatzen den maiatzaren 30a. ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, HIRU, CGT-LKN zein CNT sindikatuek eta beste 50 eragile inguruk deituko lukete. Donostian eskainitako prentsaurreko batean, Etxaidek adierazi du garrantzitsuena ez dela greba orokorrari data jartzea, baizik eta "akordio sozial sendoak" lortzea. Horrela, akordio horiek "eraginkorrak direnean" jakinaraziko dute greba eguna zein izango den. Bestalde, greba orokorraren deialdiaren inguruan CCOO eta UGT sindikatuekin bildu bada galdetu diotenean, LABeko idazkari nagusiak iradoki du sindikatu horiek egin dutela grebaren balizko egunaren "filtrazioa" hedabideetara. Argazkian, 2012ko irailaren 26ko greba orokorreko mobilizazioa Areetan.