Antton Azkargorta: "Politika eta epeak"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko api. 17a, 21:38

Antton Azkargorta - Berria.info] Garapen historikoari buruzko teorien artean arrakasta gehien izan dutenak, dudarik gabe, Hegelen planteamendu filosofikoei jarraituz historiaren joana epeka azaltzen dutenak izan dira. Jakina da Hegelek izanaren muinean denbora sartu zuela. Izana eta ezereza denboraren momentu baino ez diren bitartean, denbora bera kontzeptu bilakatu zuen. Eta hirurak, izana, ezereza eta denbora kontzeptu bereiztezin bihurtu zituen. Bestaldetik, ideien eboluzioa kontrakoen dialektikaren bitartez azaldu zuen, eta bata bestearen hurrengoko sintesien bitartez aurrerapen epeak eratzen zihoazela pentsatu zuen. Argazkian, Antton Azkargorta EHUtik kaleratutako irakasle algortarra Leioa eta Erandioko campusean, pankartari eutsiz.

Marxismoak ongi aprobetxatu zuen aldamio filosofiko hori, baina gizartearen kontraesan materialetara bideratuta, materialismo historiko delakoan birformulatuz. Ikuspuntu honen arabera klaseen arteko kontraesan antagonikoa, bata bestearen ondorengo kontraesanak eta horien gainditzeak aurrerapen sozialaren motore historiko bilakatzen da. Oro har, marxismoaren korronte guztiak erabili izan dute eskema hori, baina bakoitzak alde batzuk edo besteak gehiago nabarmenduz. Adibidez, sozialdemokratek Marxek bere idazki politikoetan zerabilen fase insurrekzional-iraultzailearen ordez boterea modu baketsuan –hauteskundeen bitartez– instituzio demokratiko parlamentario burgesak erabiltzea hobetsi zuten. Engels izan zen hori proposatu zuen lehena.

Nolanahi ere, filosofia hegeliar historiazalearen aplikazioak eremu marxistatik haratago ere zabaldu izan dira, beste korronte politikoetan ere eragin nabarmena dutelarik. Hori bai, bakoitzak bere xede eta prozesuak ongi bereizi ditu. Espiritu hegeliarrak goitik behera kutsatu ditu pentsamendu garaikide ia guztiak. Hortaz, pentsamendu filosofiko garailetzat izan dezakegu berau, nahiz eta zenbait intelektualek amaitutzat eman "errelato metafisiko handien garaia" (Francis Fukuyama).

Ezagutza, mundua eta politikaren ikuspuntu historizista honen arrakasta, nire ustez, daukan indar imaginario handian datza: orainaldi latz eta problematikoan murgilduta dagoen gizakiari (ia beti) sufrimendua arinduko dion eta seguru etorriko den egoera berri baten esperantza transmititzen dio. Esperantza horrek sustrai erlijioso sakonak ditu, eta gizakiak barne-barnean duen zoriontasun eta harmonia gosearekin dago lotuta. Modu horretara, mundua, bizitza –eta politika– eramangarriak bilakatzen dira behar-beharrezko eboluzioaren ondoren egunsenti itxaropentsua agertzen baita.

Hala ere, ezin ahantzi jatorri hegeldarra duen filosofia honen baitan "porrota" funtsezko kategoria dela bere barne diskurtsoan. Eta hori denboraren dimentsioak –beti finitoa– eragin negatiboa duelako kontzientzietan gertatzen da. Espero diren emaitzak edo epe jakin batean arrakasta lortzen ez denean agertzen da porrota. Ondorioz, esperantza-desesperantza bikotea, errepresentazio sistemaren oinarri-oinarrian finkatuta dagoen pare dialektiko modura agertzen da.

Arlo politikoan pentsaera honek izan dituen formulazio praktikoen zerrenda oso luzea den arren, har dezagun, hurbila delako edo enblematikotzat har daitekeelako, PCEk eta bere intelektualek Trantsizioa deitutakoaren garaian asmatutako eskema eboluzionista, korapilatsua bezain oportunista. Behin eta Haustura demokratikoa deitu izan zena albo batera utzita, Carrillok eta taldekideek epeka garatuko zen prozesu bat saldu zuten: lehen fasean, demokrazia liberal eta parlamentarioan integratu, eta ondoren, beti baketsuki eta hauteskundeak tarteko, "demokrazia sozial eta ekonomikora" pasatuko omen ginen. Gainera, zehatz-mehatz, epe horietariko bakoitza klase-aliantza eta kontraesan nagusi batek karakterizatzen zutela azaldu ziguten. Euri haietatik datoz ongi ezagutzen ditugun lokatzok.

Pentsatzeko modu horren kritika Marxismoan bertan daukagu, Leninengan bertan. Maila teorikoan Hegelen irakurle porrokatua izan zen arren, praktikan ezinekotzat jo zuen «eboluzio» politikoan aurrera egitea aurreko epeak zituen baldintzak eta une historikoaren klase kontraesanak gainditu gabe. Nire ustez, politikak filosofiarekiko duen lehentasuna frogatu zuen horrela. Leninentzat politika artea zen zientzia sozial determinista baino gehiago. Harentzat, sozialismoa une politiko hartako exijentzia zen eta ez urruntasun zehaztugabean galtzen zen ametsa. Sozialismoa abiapuntua zen betebehar iraultzaileei aurre egiteko: hala nola demokrazia sozialista, indar produktiboen garapen sozialista, Errusiako ondar feudalak ezabatzea... Lenin ez zen epeez mintzatzen, betebeharrez baizik, eta lan horiek guztiak bizitza politikoa eta soziala edukiz beteko zituen enuntziatu batez: sozialismoaz, alegia.

Perspektiba horri jarraikiz, ezin dugu gaur independentzia beste epe batzuk gainditu ondoren erdietsiko dugun helburutzat hartu. Abertzaleontzat independentzia da enuntziatu nagusia, gaur eta hemen, eta horrek gidatu behar ditu koiunturak agintzen dituen betebeharrak: normaltasun demokratikoa, erabakitzeko eskubidea, arazo ekonomikoak, amnistia politikoa, hizkuntza eta kulturaren garapena, planteamendu sozialistak eta abar.

Antton Azkargorta EHUtik kaleratutako irakasle algortarrak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun